Lehiaketaren gaia 'Zumaia, indarkeria matxistarik gabeko herria' izango da
Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna izango da eta, urteroko legez, Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak, herriko Berdintasun Foroarekin elkarlanean, kartel lehiaketa antolatu du. Irudi horrek egun horren harira antolatuko dituzten ekitaldiak iragarriko ditu.
Lehiaketa zumaiarrei dago zuzendua eta parte-hartzaile bakoitzak, gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Karteletan joan beharko duen testua da: Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna. Zumaia 2016. Gaia Zumaia, indarkeria matxistarik gabeko herria izango da. Antolatzaileen esanetan, «gure bizitzen egunerokoan emakumeok beldurra sentitzen dugu kaleetan (egoera eta momentu batzuetan), beldurrik gabe bizi nahi dugu! Aurtengo martxoaren 8 inguruan espazio publikoan eta kaleetan emakumeok edozein ordutan, lasai eta seguru ibiltzeko eskubidea aldarrikatuko dugu».
Marrazkiaren teknika duten lanak onartuko dira (digital eran aurkeztuak ere ontzat emango dira) eta neurria Din A3 batenak izango dira (297x420 mm). Egilearen izenak eta datuak kartazal itxi batean aurkeztu behar dira Alondegia kultur etxean, otsailaren 19a bitartean. Saria 200 eurokoa izango da, Zumartian txartelen bidez.