Azkoitiko Udalak helegitea jarriko dio Urola Erdiko Mankomunitateari diru-laguntza hitzarmen batengatik

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko urt. 28a, 10:32

Azkoitiko Udalak helegitea jarriko du Urola Erdiko Mankomunitatean Azpeitiko Udalari ingurumen programetarako 3.850.000 euroko diru-laguntza emango dion hitzarmen batengatik.

Azkoitiko Udalak errekurtsoa jarriko du Urola Erdiko Mankomunitatearen, Urola Erdiko Lapatx zabortegiaren eta Azpeitiko Udalaren artean onartutako hitzarmenaren aurka. Akordio horrek aurreikusten du Azpeitiko Udalak 3.850.000 euroko diru-laguntza jasotzea ingurumen programetarako. Azkoitiko Udalak uste du mankomunitatearen Batzar Orokorrak abenduaren 30ean onartutako hitzarmena "Azkoitiko herriaren, azkoitiarren eta mankomunitatearen interesen aurkakoa" dela eta, beraz, mankomunitatearen aurrean helegitea aurkeztea erabaki du hainbat arrazoi tarteko. Azkoitiko Udalak onartzen du Azpeitiak konpentsazio bat jaso behar duela zabortegia bere lursailetan egoteagatik. "Azpeitiko Udala dagoeneko ari da jasotzen diru-kopuru bat arrazoi horrengatik", alegia, lurzoruaren erabileragatik eta beste zenbait kontzepturengatik, 2011n mankomunitateak eta Azpeitiko Udalak sinaturiko akordioan oinarrituta. Izen ere, ordutik gaur arte Azpeitiko Udalak 1.823.840 euro eskuratu ditu. Horri gehitu behar zaio 2014an mankomunitateak eta Azpeitiko Udalak adostu zutela udalari 1.565.000 euro ematea Azpeitiko merkatu plaza berritzeagatik. Testuinguru honetan, Azkoitiko Udalak mankomunitateari eskatzen dio finantza proiektu bat nahiz teknikoa egitea, Lapatxen egoera ekonomikoa aztertu, eta ikusteko gai den zabortegiaren itxierak eta ondorengo mantenuak dakartzan gastuei aurre egiteko. Aipatu inbertsioei aurre egiteko Lapatxek nahikoa diru baduela egiaztatuz gero, posible litzateke diru-laguntzak emateko aukera planteatzea. Egun mankomunitateak dituen estatutuek ez dute aurreikusten, halere, objektu gisa udalerriei diru-laguntza zuzenak ematea. “Diru-laguntzak eman ahal izateko, estatutuak aldatu behar dira, eta guk ez diogu aukera horri uko egiten, baina gaur egun diru-laguntzak ematea ez dago aurreikusita estatutuetan”, dio Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak eta Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariordeak. Javier Zubizarreta alkateak azpimarratu du "interes publikoen aldeko ekintzen jarduera ez dela legedian aukera gisa aintzat hartzen, obligazio modura baizik”. Hitzarmenaren aurkako helegitea jartzea onartu zen atzoko Azkoitiko udalbatzak. Alde bozkatu zuten EAJk, PSE-EEk eta Irabazi Azkoitia Bai alderdiek. EH Bildu abstenitu egin zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide