Anari, Donostia 2016, Stop War jaialdia, Voltaia, musika, kontzertua
Bidehuts diskoetxeak jakinarazi du Anari eta bere taldeak ez dutela parte hartuko Donostia 2016k antolatutako Stop War jaialdian. Musikariak ez du, momentuz, bere erabakiaren berri eman.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren agitarau zabalaren barruan antolatu dute Stop War jaialdia, martxoaren 25etik 27ra egingo da, nazioarteko musikariak batuz egitaraura. Hiru kontzertu nagusietan Euskal Herriko talde bat eta nazioarteko bat ariko dira. Anari eta bere taldea martxoaren 27an ziren jotzekoak Maria Kristina zubian prestatutako agertokian, Nick Lowe musikari ingelesaren aurretik.
Lehen eguneko artistak ez dituzte iragarri oraindik; bigarrenean, Gose eta Bob Geldof irlandarrak joko dute. Azkenen egunerako zeuden iragarrita Lowe eta Anari.
Voltaia, martxoaren 25ean
Voltaia Zumaiako taldea jaialdi berean parte hartzekoa da, aurreneko egunean, martxoak 25. Zumaiako rock taldea iazko azaroan plazaratutako Medusa izeneko diskoa ari da aurkezten han eta hemen. Datorren kontzertua Getariako gaztetxean izango da, otsailaren 13an; bigarrena, Trintxerpeko Mogambo rock aretoan, otsailaren 20an; eta azkenekoa, martxoaren 25ean, Donostiako Stop War jaialdian.