Negu giroarekin jokatuko da aurten ere Zumaiako txakur krosa. Otsailaren 7rako antolatu dute bosgarren txapelketa, berrikuntzez beteta. Zirkuitua lekuz aldatzeaz gain, parte hartzeko beste bi modu gehitu dituzte: bizikletan,
bikejoring modalitatean, eta patinen gainean. Izena emateko aukera ireki dute dagoeneko
www.herrikrosa.eus-en.
Aurreko lau txapelketak San Lorente gainean jokatu dira. Aurtengoa, berriz, Basustagainean egingo da. San Lorentera eramaten duen bidetik bizikletek eta patinek ezingo dutelako igo aldatu dute bidea. Korrikalarien segurtasuna kontuan hartu dute aldaketa erabakitzeko. «San Lorentetik beherakoan harrizko bidexka arriskutsua da euriarekin», adierazi du Fran Aizpurua kirol teknikariak.
Hala ere, irteera eta helmuga puntuak aurreko urteetako leku tokian izango dira, Alai auzategian: Aitzuri kaletik aterako dira, eta helmuga Aizkorri kalean jarriko dute, Branka eraikinaren parean. Zirkuitua, ordea, Basustagainean da. Txakurrek eta korrikalariek zortzi baten itxura duen ibilbideari emango dizkiote itzuliak:
bikejoringeko eta patinetako kirolariek itzuli bakarra eginez (4.300 metro), eta ohiko txakur krosekoek bi itzuli (8.300 metro). «Aurtengo ibilbidea kilometro bat luzeagoa da», argitu du Aizpuruak.
Luzeagoa eta askok uste baino zirkuitu gogorragoa da. Hori uste du Pedro Etxeberria kirolariak. «Ingurune honek uste baino gorako eta beherako gehiago ditu. Ikusleentzat San Lorente polita zen, baina hemen sarritan pasatuko dira leku beretik eta hori ikusleek gustuko izango dute».
08:30etik 10:30era da albaitari kontrola eta 10:30ean hasiko dira probak. Bikejoringeko eta patinetako txanda da aurrena, banaka atera eta erlojuaren aurka ariko dira. Gero, 11:30ean, txakur krosaren txanda da. Sari banaketa 13:30ak aldera egingo dute. «Umeentzako jolasak ere ordu horren inguruan dira. Parte hartu nahi duten haurrek goizean eman beharko dute izena».