Zumaiaren historian zehar bidaia egingo dute herriko ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urt. 15a, 07:29

LH eta DBHko ikasleei zuzendutako programa honek Zumaiak azken ehun urteotan izandako bilakaera landukodu

Yeregitarren erlojua Zumaian (Juan Luis Romatet) Urte dezente dira Zumaia ezagutzen izeneko hezkuntza programa abian jarri zutela herriko ikastetxeetan. Honi esker, Lehen Hezkuntzako (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek Zumaiak azken hamarkadetan bizitako bilakaeraz jabetzeko aukera izaten dute. Aurten ere ez du programa honek hutsik egingo: urtarriletik martxora bitartean herriak bizi duen bilakaera aztertzeko ekintza ezberdinak egingo dituzte, gizakiak ingurumenari eragindako kalteen inguruan hausnartuz eta ohitura onak sustatuz. Aurten, gainera, herriaren garapen historikoa osatu eta eguneratzeko helburuarekin, hainbat berrikuntza txertatu dituzte programaren atal ezberdinetan. Hala, besteak beste, kanpina, Zumaiako Industri Ondarearen inguruko panelak, Yereguitarren erlojua eta lehenengo kale-errotulazioaren berri ematen duen dokumentazioa gehitu dira. Horiekin batera, Aita Marik ere protagonismo berezia hartu du, 2016 urtean bere heriotzaren 150. urteurrena baita. Horrenbestez,  Zumaiako Udalak antolatutako ingurumen heziketa programa honetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek hartuko dute parte. Hala, Zumaiako Institutuko, Zumaiako Herri Eskolako, Maria eta Jose ikastetxeko eta Oikiako Herri Eskolako 460 ikasle inguruk parte hartuko dute, eta programaren garapena Arazi enpresako hezitzaileen laguntzarekin egingo da. Iraganetik gaur egunera LH 5. mailako ikasleek Denboraren bila ikas-unitatea landuko dute. Ikasleek Zumaiako historian zehar bidaiatuko dute, Zumaiak hiri gutuna lortu zuenetik gaur egun arte, beti ere ingurumenarekiko arreta berezia edukiz eta Zumaian eman diren aldaketak aztertuz. Jarduera hori girotze saio baten bidez hasiko dute ikasgelan. Bigarren elkargunea, ordea, Kofradia izango dute, bertatik abiatuko baitute Zumaiako historian zehar taldeka egingo duten bidaia. LH 6. mailako ikasleek Argazki rallya landuko dute. Unitate horren bitartez, Zumaiako azken 100 urteotako historia ezagutuko dute. Horretarako, taldeka bildu eta, argazki zahar eta berrietan oinarrituz, azken mendeko historiaren zergatiak aztertuko dituzte. Unitatearen garapenean zehar, argazki berriak atera eta lekuei buruzko dokumentazioa aurkitu beharko dute ikasleek. DBH  1. mailako ikasleek Zumaia eta Artea unitatea landuko dute. Zumaiako historiaren garapena ezagutu eta herriko eraikin esanguratsuenak aztertuko dituzte, haien testuinguruetan eta ezaugarrietan sakonduz. Azkenik, DBH  2. mailako ikasleek Ontzigintza Zumaian unitatea landuko dute. Zumaiako herrian ontzigintzak izandako garrantziaz gain, egungo egoera aztertuko dute. Hala, ikasgelako saioaren ondoren, Astilleros Balenciaga ontziola bisitatuko dute, ontziak egiteko urratsak bertatik bertara ezagutuko dituzte. Azken finean, 2016 urtean ere, adin bakoitzari egokituriko ikas-unitateak garatuz, Zumaiako ikasleek herriaren ezagutzan sakonduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide