Voltaiaren zaztatekoa Donostiako Stop War jaialdian entzungo da

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urt. 14a, 19:22

Zumaiako rock taldeak ‘Medusa’ izeneko bere bigarren diskoa atera zuen pasa den azaroan

Azken hilabeteotan Bilboko Kafe Antzokian, Ondarroan, Durangon, Larrabetzun eta Maulen jo ondoren, Voltaia hirukotearen stoner-punk musika Gipuzkoako aretoetara iritsiko da orain. Zumaiako rock taldea iazko azaroan plazaratutako Medusa izeneko diskoa ari da defendatzen. Orain arte jasotako erantzunarekin harrituta daudela dio taldeko baxujole eta abeslari Unai Eizagirrek. «Kritika oso onak jaso ditugu, baina, horrez gain, harritu gaituena da kontzertuetara etorritako jendeak kantak abesten zituela; kantak ezagutzen zituzten eta hori orain arte ez zaigu pasatu». Ez hori bakarrik: diskoak sinatzea ere tokatu zaiela dio Eizagirrek. Lotsatu antzera dio hori. Diskoaren sustapena egiten ere badabil Jon Brakamonte Braka-k (gitarra), Jon Duranek eta Eizagirrek osatzen duten hirukotea. «Aurreko batean Euskadi Irratian izan ginen eta gaur bertan [asteazkenagatik] Gaztean. Beno, ondo moldatzen ari gara. Gu geu izaten jarraitzen dugu». Medusa Voltaiaren bigarren diskoa da. Aurrenekoa, talde beraren izena daraman CDa, 2014ko udaberrian atera zuten. Lehen hura Zumaian, Uxategiko estudioan grabatu bazuten ere, bigarrena Grises taldeak Zestoan duen estudioan grabatu dute. «Berez Grises taldeak jotzen duen musika ez zaigu asko interesatzen, baina estudio horretan grabatutako gauzak entzun genituen eta asko gustatu zitzaigun lortutako soinua». Griseseko Eñaut Gaztañagak ekoiztu du diskoa. «Berak aurrez ezagutzen gintuen; bizpahiru kontzertutan egona zen. Gure musika bere horretan utzi du, baina, ahotsetan bai, zenbait truko erabili ditu. Guk halakorik aurrez ez dugu erabili eta gustatu zaizkigu. Hortxe geratu dira, ez dugu ezer aldatu».  Zaletuek diskoaren soinua oso gustukoa dutela azpimarratu du Eizagirrek. Diskoa zuzenekoan defendatzeko garaia dute. Bihar, ostirala, Oñatiko Gaztetxean joko dute; hilaren 22an Zestoako Gaztetxean; otsailaren 13an Getariakoan; 20an Trintxerpeko Mogambo rock areto mitikoan; eta, martxoaren 25ean Donostian egingo den Stop war jaialdian ariko dira. Maria Kristina zubia agertoki dutela, tokiko hiru artistak eta nazioarteko beste horrenbestek kontzertua emango dute. Iragarrita daudenen artean Bob Geldof, Nick Lowe, Anari eta Gose daude. Voltaiak ere han parte hartuko dutela iragarri du Zumaiako taldeak. «Brakak diskoa bidali zuen, eta dirudienez antolatzaileen gustukoa izan da. Espero dugu entzuleei ere gustatuko zaiela gure musika».
Voltaiaren hurrengo kontzertuak: - Urtarrilak 15, ostirala, Oñatiko Gaztetxea. - Urtarrilak 22, ostirala, Zestoako Gaztetxea. - Otsailak 13, larunbata, Getariako Gaztetxea. - Otsailak 20, larunbata, Trintxerpeko Moganbo rock aretoa. - Martxoak 25, ostirala, Donostian Stop War jaialdian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide