Zumaiako Ostarrenak ziklo berria hasiko du Elizari buruzko film batekin

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urt. 13a, 20:03

Pablo Larrain zinemagile txiletarraren ‘El Club’ lana da datorren hiru hileko aurrena

Alemaniako hiriburuan egiten den Berlinale zine jaialdiko ikuslegoa zur eta lur utzi zuen iazko neguan; irailean Donostiako Zinemaldiko film kuttunenetakoa izan zen, nahiz eta sarien orduan esku hutsik gelditu zen. Pablo Larrain zinemagile txiletarraren El club filma da, Ostarrena zine klubaren neguko zine forum zikloa zabalduko duen lan gordina. Saioa, bihar, 22:00etan hasiko da Aita Mari zinean. Ziega ilunenean ezkutatzen saiatu arren, Eliza katolikoaren baitan sexu-abusuen inguruko eskandaluak azalera atera dituzte azken hamarkadetan. Hedabideetara bakarrik ez, ikus-entzunezkoen mundura ere heldu da. Horren adibide da Amy Berg zuzendari estatubatuarraren Deliver us from evil dokumentala. Sexu-abusuak bakarrik ez, Eliza katolikoak Pinocheten diktadurapean (1973-1990) izandako jokabidea zeharka bada ere aztertzen du El Club lan gogor eta gordinak. Lau gizon batera bizi dira, kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean. Iraganean egin zituzten bekatuak garbitzeko bidali dituzte hara. Diziplina gogor baten mendean bizi dira, zaintzaile erne baten begiradapean. Baina bosgarren gizon bat iristean, haien errutinaren egonkortasun hauskorra etengo da. Iritsi berriak duela gutxi galdu du izen ona, eta ustez atzean utzitako iragan bat ekarriko du berekin. Pablo Larrain zuzendari txiletarraren seigarren lana da hori. 2005ean zuzendu zuen bere lehen film luzea, Fuga. Gero, Tony Manero (2007), Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zuen, 2008an. Post Mortem (2010) Veneziako Sail Ofizialean lehiatu zen. Prófugos (2011) ere zuzendu du, Txilen ekoitzitako HBOren lehen telesaila. Azken aurreko filma, No (2012), Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zen eta Oscar sarietarako izendatu zuten, atzerriko film onenaren atalean. El club filmarekin Zilarrezko Hartza lortu zuen Berlinaleko azken edizioan. Ondoren, beste bost film Martxoaren bukaera arte beste bost film emango ditu Zumaiako zine klub taldeak. Hilaren 28an Jafar Panahi zinemagile irandarraren Taxi Teheran da. Zuzendari honek ezin du filmik errodatu 2010.etik, Irango agintariek debekua ezarrita. Hala ere, debekuari aurre egin eta ordutik hiru film estreinatu ditu. Azken honekin Berlingo zine jaialdiko Urrezko Hartza irabazi zuen. Otsailaren 11n jatorri islandiarra duen Rams. El valle de los carneros emango da; Grimur Hakonarson zinegileak idatzi eta zuzendutako lan saritua. Otsailaren 25ean Charlotte Rampling eta Tom Courtenay beteranoak buru dituen 45 años. Martxoaren 10ean, Grandma film independente estatubatuarra da, eta martxoaren 31n Benoît Jacquot frantziarraren 3 corazones.
Ostarrena zine kluba - Urtarrilak 14, osteguna. El club (Pablo Larrain) filma, 22:00etan, Aita Marin. - Urtarrilak 28, osteguna. Taxi Teheran (Jafar Panahi). - Otsailak 11, osteguna. Rams. El Valle de los carneros (Grimur Hakonarson). - Otsailak 25, osteguna. 45 años (Charlotte Rampling eta Tom Courtenay). - Martxoak 10, osteguna. Grandma (Paul Weitz), 22:00etan, Aita Marin. Martxoaren 8arekin lotuta emango dute. - Martxoak 31, osteguna. 3 corazones (Benoit Jacquot).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide