Lehen sei hilabeteetako balantzea egin du Azkoitiko udal gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko abe. 23a, 10:45

Lehen sei hilabeteetako balantzea egin zuen atzo Azkoitiko udal gobernuak. Javier Zubizarreta alkateak agerraldian esan zuenez, "hauteskunde kanpainan iragarritako proiektuen parte handi bat bideratzea lortu" dute. "Lana handia da eta agendak gainezka ditugu, baina ahalegin horrek bere emaitzak ematen ditu. Nire gidaliburua aurkeztu genizuen hauteskunde programa da, eta horri heltzen diot nire taldeak egiten duen bezala", gehitu du. Udal gobernuaren lehentasuna «garbiketa lanak areagotzea eta kaleei txukun eustea» izan dela aldarrikatu zuen Zubizarretak: "Lehenengo egunetik erantzun eraginkorra eman diogu eskaera horri". Urte berriari begira, aurrekontuen partidaren zati bat erabiliko dute argiteria hobetzeko eta kaleak eta espaloiak konpontzeko.

Azoka plazari begira

Merkataritzari dagokionez, azoka plaza eta merkataritza sustatzeko "ekintza plan bat" landu nahi dutela aurreratu zuen datorren urteari begira. Alkateak esan zuenez, "plan hau garatzeko aurreikusitako kostuaren %70eko diru laguntza jaso dugu Eusko Jaurlaritzatik". Gainerako aldaketez gain, hondakinak biltzeko egun Azkoitian indarrean den sistema mistoaren aldaketak martxan jarraitzen duela gaineratu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide