Gabonetako abestien 37. lehia antolatu du Zumaiako Erkibe kultur taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko abe. 17a, 13:33

Errepublika garaian ospatzen zen eta frankismoaren ondoren berriro antolatzen hasi zen Erkibe . Gabon gau arratsaldean jokatuko da Zumaiako Beheko plazako batzokian

Aspalditik datorren ohiturari jarraituz, Zumaiako Erkibe kultur taldeak Gabon Abestien Lehiaketa antolatu du aurten ere. Bertan parte hartzeko deialdia plazaratu du dagoeneko. Aurtengoa, 37. edizioa izango da; 1978an berriro martxan jarri zenetik. Frankismoaren ondoren hasi zen Erkibe berriro Gabon kantu lehiaketa antolatzen. Sorrera, ordea, lehenagokoa da. Errepublika garaitik datorren txapelketa baita hau. Garai hartan Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) antolatzen zuen, baina frankismoaren diktadurapean etenda egon zen, ez zuten txapelketarik antolatu. EAJ legeztatzearekin batera berreskuratu zuen lehiaketa Erkibe kultur elkarteak. 37. Gabon Abesti Lehiaketa abenduaren 24an egingo dute. 18:00etan hasiko da Eusebio Gurrutxaga plazan, Bai Bidea Zumaiako Batzokiaren aurrean. Lehiaketan parte hartzeko aurretik izena eman behar da, eta dagoeneko epea zabalik dago. Horretarako Mendaro Marinela kaleko EAJren bulegoan edo Eusebio Gurrutxaga plazan dagoen Bai Bidea Zumaiako batzokian ipinitako orrietan eman behar da izena. Abenduaren 24ko arratsaldeko laurak arte egongo da epea zabalik. Abestiak, jantziak, jaiotzak Kantu lehiaketan parte hartzeko, taldeak gutxienez lau haurrez osatutakoak izan behar dute, eta ohiturazko euskal jantziak soinean dituztela abestuko dute. Horrez gain, talde bakoitzak  bere jaiotza aurkeztuko du. Abestiei dagokionez, bi Gabon abesti kantatu beharko dituzte: bata, derrigorrezkoa, hau da antolatzaileek erabakitako Haur baten bila; eta bestea, talde bakoitzak erabakitzen duena. Derrigorrezkoaren partitura batzokian eskuratu daiteke. Lehiaketan kantuaren arloa, abeslarien jantzien egokitasuna eta jaiotzaren kalitatea sarituko dituzte. Saria erabakitzerakoan, talde bakoitzak aukeratzen duen Gabonetako abestiaren eta aurkeztutako jaiotzaren originaltasuna kontuan hartuko dituzte. Abestien arloan hiru sari banatuko dituzte: 70, 40 eta 30 eurokoa bakoitza. Jaiotzetan beste hiru sari izango dira: 40, 25 eta 20 eurokoak. Abestien atalean saririk gabe gelditzen diren taldeek 15 euroko ordainsari bana eramango dute; jantzien eta jaiotzenean, berriz, 10 eurokoak. Antolatzaile den Erkibe kultur elkarteak dei berezia luzatu die herriko haur eta gurasoei, Zumaiako aspaldiko ohitura jatorrei helduz herriko Gabonak girotzen lagun dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide