Norabide berrien planoa. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak hasi ditu herri barruko bidegorri sarea osatzeko falta zen bidegorri tartea eraikitzeko lanak. Santa Klara eta Ubaier auzunea lotuko dituen zatia da, hain zuzen. Obrek pare bat egun irautea aurreikusten dute.
Eraikiko den bidegorriaren ibilbidea udaleko hirigintza arduradunek eta bizilagunek adostu zuten. Hiru proposamen ezberdin aurkeztu zizkieten bizilagunei, gustokoena aukeratzeko. Izan ere, zenbait kale estuegiak dira eta bidegorria jartzeko derrigorrezkoa zen kale horiek norabide bakarrekoak bihurtzea.
Adostutako proposamenaren arabera, Santa Klara kalea norabide bakarrekoa izango da zubi paretik Santa Klara komentura bitarteko tartean. Ibilgailuak Azpeitiko norabidea baino ezingo dute hartu 14-28 eta 39-55 zenbakien artean.
Santa Klara 55 eta Ubair auzunea 13 lotzen dituen zatiak ere noranzko bakarra izango du, Atano Izarraitz auzorantz.
Halaber, norantza aldaketak egingo dira Ubaier auzunean. 1 eta 12 zenbakien arteko errepide zatiak Azpeitiko noranzkoa izango du eta 13-22-23-36 zenbakietan, berriz, Auzmendi bidera bideratuko da trafikoa.