Disney-ren doinuak Sahararen alde Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko aza. 12a, 06:20

Musika Bandak kontzertua eskainiko du larunbatean Maria eta Josen. Diru bilketa egingo dute kanpamentuetan izan diren uholdeetan kaltetuak izan direnei laguntzeko

Samuel Ruiz Darahlikoa eta Joxe Mari Azkue Zumaiako musika bandako zuzendaria (Juan Luis Romatet) Milaka familia izan dira kaltetuak urriaren amaieran Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan izandako uholdeetan. Zumaiarekin senidetuta dagoen Zug herrian ehun inguru dira etxerik gabe geratu diren familiak. «Adobezko etxeak dituzte han, eta euri-jasekin desegin egin dira. Ondorioz, orain haima batzuetan bizi dira», azaldu du Samuel Ruizek, Saharako herriaren aldeko Darahli taldeko koordinatzaileak. Kaltetuei lagundu nahian, zenbait ekitaldi antolatu dira eskualde mailan. Zumaiako Udal Musika Bandak hobekien egiten duenarekin lagundu nahi izan du: musika jotzen. Hala, larunbatean, 19:00etan, kontzertua emango dute Maria eta Jose ikastetxeko aretoan. Pasa den irailetik aritu da herriko banda kontzertu hau prestatzen. Musika Bandaren zuzendari berria den Joxe Mari Azkuek zuzenduko duen lehen kontzertua izango da gainera. Bandak urte amaieran kontzertu solidario bat eskaini ohi du gizarte lanetan aritzen direnei laguntzeko. «Hura abenduan izango da. Hau kontzertu berezia da. Bestela ere egitekoak ginen, baina uholdeen berri jakin genuenean eta, gainera Darahliko kide batzuk Bandako kide direnez, pauso hori emateko erabakia hartu genuen», azaldu du zuzendariak. Disney-ren filmetako musikekin osatu dute errepertorioa. «Baina ez beti jotzen direnak; zerbait berriagoa egiteko gogoa genuen». Hala, azken urteetan «txunditu gaituzten» partiturak joko ditu Bandak: Frozen, Up, Aladdin, Brave eta abar. Gainera pantailan filmen irudiak emango dituzte. Musikazale guztiei, baina bereziki gazteei dei egin diete, «benetan gozatuko dutelako». Sarrerarik ez da izango; norberak bere borondatez ematen duena bilduko dute. Horrez gain, 2100 4248 66 2100147895 (La Caixa) kontu korrontean dirua sartuta ere lagundu ahal izango da. Bandak eta Darahlik kontzertura joateko deia egin dute: «Etor daitezela. Kontzertu zoragarri bat entzuteaz gain, gu baino askoz okerrago daudenei laguntzeko aukera izango dute-eta».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide