Itziarko Andutz taldea eta Zumaiako Telmo Deun elkartea giza probako desafioan neurtu ziren igande arratsaldean Itziarko plazan. Plaza bakarreko aldeagatik nagusitu ziren etxekoak
Andutz taldeko kideek luzatu zuten desafioa eta Telmo Deun elkarteko arraunlariek baita hartu ere. Itziarko Periko egun berean, arratsaldez, bertako plazan neurtu ziren bi gizon taldeak. Desafioa: 900 kiloko harritzarra eramatea 20 minutuko tiraldian. Saria, irabazle izatearen ohorea... eta baita bertaratutakoen borondateari esker bildutako diru kopurua ere.
Gorriak izan ziren tiraldiari ekiten lehenak. Guztira 647 kilo eman zituen giza taldea aurkeztu zuten, Inaxio Urtubia, Jagoba Uranga, Josu Uranga, Iñaki Errazkin, Iñaki Larrañaga, Jon Larrañaga, Jon Etxaniz eta Ipar Larzabal arraunlariek osatutakoa. Relojero edo gidari lanetan, Unai Osa patroia. Uretan bezain ondo moldatuko ote zen lehorrean? Indartsu ekin zioten, eta 20 minutu ostean, 39 plaza egiteko gai izan ziren.
Itziartarren txanda izan zen ondoren. 654,5 kiloko pisua eman zuen Lizarran, Olano, Gazteñegi, Galarreta, Ipiola, Billabier, Erlete eta Aronek osatutako gizon taldeak, eta plaza bat gehiago egiteko gai izan zen, 40, bertaratutakoen zoramenerako.
Ohorea, beraz, etxean geratu zen, uste baino larriago. Orain airean dagoen galdera honakoa da: izango al da errebantxarik?