Zergak eta tasak bere horretan mantenduko ditu Zumaiako Udalak 2016an

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko aza. 2a, 19:36

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute ordenantza fiskalen proposamena; EH Bildu abstenitu egin da. Etxe hutsen errekargua kentzea izango da aldaketa nagusia

Zumaiako udalbatza (Juan Luis Romatet) Urriko ohiko udal plenoan datorren urterako ordenantza fiskalak, hau da, herritarrek ordaintzen dituzten zergak eta tasak, bere horretan uztea erabaki zuten. Udal gobernuak aurkeztutako proposamenak EAJko sei zinegotzien eta PSE-EEren zinegotziaren aldeko botoa jaso zuen; EH Bilduko sei zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren. KPIaren arabera erabakitzen da zergek izango dituzten igoerak. Aurten, baina, 2014ko abuztutik 2015erako hilabete berera bitarteko KPIa negatiboa izan da eta, beraz, zergak ez igotzeko proposamena aurkeztu zuen udal gobernuak. Aurtengoarekin alderatuta, aldaketa batzuk egongo dira. Hala, ondasun higiezinen gaineko zergan, etxebizitza hutsei aplikatzen zitzaion %75eko errekargua kendu egingo da. Beste hobari guztiak bere horretan mantenduko dituzte: Bizigune Programaren barruan erabilera-lagapena duten ondasun higiezinei dagozkionak, famili ugariei dagozkionak eta eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistema instalatuta dituzten ondasun higiezinei dagozkionak. Trakzio mekanikoko ibilgailuen zergan, fabrikazio egunetik kontatuta gutxienez 25 urteko antzinatasuna duten ibilgailuek %100eko hobaria izango dute, hau da, ez dute zergarik ordainduko. Ordenantzen izozketaren ondorioz, udalak eskaintzen dituen zerbitzuetan 190.000 euroko defizita sortuko duela aurreikusten da. Galera hori leuntzeko, azken urteetan geldirik egon diren zenbait kontratu (argia, aseguruak, igogailuak...) aztertu dituztela azaldu zuten gobernukideek. Horri esker gastu estrukturaletan jaitsiera egon daitekeela uste dute. Iraungita aurkitu diren kontratu batzuen esleipenarekin emaitza onak lortu daitezkeelakoan dira. Amaitzeko, Foru Aldunditik jasotzen den diru ekarpena handitu egingo dela ere aipatu zuten. Orokorrean, ados Ordenantza fiskalen proposamenarekin orokorrean ados agertu zen EH Bildu. Etxebizitza hutsei ezartzen zitzaien errekargua kendu izanagatik abstenitu ziren. «Gure ustez errekargu hau etxebizitza alokairuan uzteko lagungarria izan daiteke eta, gainera, gure programan aipatzen dugun progresibitatearekin bat dator». Krisiaren ondorioz herritarrak gaizki pasatzen ari direla gogoratu zuen PSE-EEko zinegotziak eta, bere ustetan, herritar horiek ulertuko dute tasak izoztu izana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide