Gipuzkoako Ur Kontsortzioak aurreko astean hasi zituen Floreaga auzoan uraren presioak ematen dituen arazoak konpontzeko lanak. Izan ere, auzotarrak askotan kexatu izan dira uraren presio eskasagatik. Lanak honako kaleetan ari dira egiten: Atxabaleta kalea 1, Izarraitz kalea 7, 8, 9 eta 11, eta Atanotarren plaza 1 eta 2 zenbakietan.
Obra hauekin azpiegiturak ere hobetuko dira fibrozementuzko hoditeria kendu eta fundiziozkoa jarriko baita. Ur hornikuntzako 190 metro kainu berritzen ari dira sare orokorrean eta beste 87 metro hartuneetan.
Inbertsio osoa 50.398 eurokoa da, alegia, Kontsortzioak Azkoitiko Udalarekin inbertsioetarako urteko konprometituta duen diru-kantitatearen %39. Izan ere, hitzartutakoaren arabea, 129.000 euro bideratzen ditu urtean Kontsortzioak Azkoitian inbertsioetara azpiegiturak hobetzeko.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide