Pasa den martxoan bukatu zituzten
Txerloia eta San Juan futbol zelaietako hobekuntza lanak. Orduan, harmaila atzeak babesteko metrakilatozko panel bat jarri zuten eta zelaia inguratzen duen sarea eta bere estalgune berdea berritu zituzten, besteak beste. Orain, hobekuntza gehiago egin nahi ditu udalak Txerloian eta, prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, dagoeneko eskatu dute proiektua gauzatu ahal izateko diru-laguntza. Kirol Kontseilu Gorenak erabakiko du proiektuak diruz laguntzea merezi duen edo ez.
(Azkoitiko Udala)
Hain justu, Kirol Kontseilu Goreneko arduradunak Azkoitian izan dira San Juango eta Txerloiko futbol zelaietan egindako lanak aztertzen. Proiektu saileko Jesus del Barrio arduraduna eta diru-laguntzen Ikuskaritza Fiskalaren Zerbitzu buru den Raul Ureñarekin egon da Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea. Anaitasunako idazkaria, Maider Zinkunegi, eta, Jon Ander Azkue diruzaina Txerloian egon dira baita ere.
Udalak ez du argitu, momentuz, eskatutako diru-laguntza zenbatekoa den.
Hiru berrikuntza nagusi
Hiru dira udalak landutako proiektua aurreikusten diren esku-hartze nagusiak. Batetik, tribunan bizkarraldea duten eserlekuak jartzea da asmoa, gaur egun esertzeko dauden egurrezko oholak ordezkatuz. Bestetik, erabiltzaile gehiagorentzat ahalmena duten aulki homologatuak jarri nahi dituzte. Bigarren puntua litzateke, estalitako gune bat eraikitzea langileentzat, alegia, sarrerak saltzeko estalitako lehiatila bat. Azkenik, markagailu ingurua estalpe batekin babestearen beharra aipatzen da proiektuan, zaleek erabili dezaten.