20.000 olagarro brotxeta banatuko dituzte larunbatean Olarro Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko ira. 17a, 08:16

Aurreko urteetan baino txosna bat gehiago jarriko dute aurten Zumaiako Olarro Egunean

Zumaiako eta inguruko herrietako olagarrozaleek izango dute beraien zaletasuna asetzeko makina bat aukera asteburuan Zumaian ospatuko den Olarro Egunean. Festa eguna, berez, larunbatean bada ere, iaz gertatu bezala, ekitaldiak bezperan hasiko dira. Ostiralean, 19:30etik aurrera, sukaldaritza erakustaldia egingo dute Kofradiako plazatxoan. Bertan, olagarroa prestatzeko hainbat modu erakutsiko dira, beti ere errazak eta, olagarroa gogoko dutenentzako zaporetsuak. Txistularien dianarekin esnatuko da herria larunbatean, goizeko 09:00etan. Ordu erdi geroago hasi eta 13:00etara bitartean, lehiaketa gastronomikoan parte hartuko duten bikoteak beraien sormenetik ateratako platerak prestatzen arituko dira Gurrutxaga plazan. Oraindik lo daudenak ziur esnatuko direla 09:45ean abiatuko den Dinbi Banda batukada taldearekin. 10:00etan hasita, haur eta gaztetxoentzako jolasak izango dira Gernika parkean. 10:30etik 14:30era, berriz, Elikagaien Azoka izango da. Aurten Amaiako plazan egingo da, eta jakiak eta edariak dastatzeko aukera izango da. 11:00etan kuadrillen arteko batel estropadak izango dira Urola ibaian. Itsas kiroldegi parean izango da irteera eta helmuga, eta ziabogak moila inguruan egingo dira. Musikak ere izango du bere tartea Olarro Egunean. 12:00etan hasita lehen saioan eta 18:00etan bigarrenean, The Derty Gerties taldearen musika entzuteko aukera izango da. Irlandako baladak eta abestiak jotzen ditu kalez kale arituko den talde honek. Berbenako musika nahiago dutenek, Obaneuke taldearen erromeria izango dute, hau ere bi saiotan: iluntzean bat eta 22:30etik aurrera bigarrena. Olagarroa protagonista den festa egunean gastronomiak, nola ez, izango du bere presentzia. Goizez eta arratsaldez olagarro-zopa eta olagarro brotxetak banatuko dira herriko hainbat tokitan jarriko dituzten txosnetan. Horrez gain, 14:30ean, herri bazkaria izango da Gurrutxaga plazan jarriko den karpan. Txartelak salgai daude turismo bulegoan 8 euroan; 5 euroan haurrentzat. Zenbakiak gorantz Festa egun honek zumaiarren eta bisitarien artean duen erantzun onaren adibidea antolatzaileek dituzten zenbakiak dira. Aurten 20.000 brotxeta inguru banatuko dituzte zortzi txosnatan. Gainera, beste txosna bat jarriko dute, Arbustaingo arranpla parean, hain zuzen ere. Brotxeta hauek prestatzeko egositako 850 olagarro kilo erabiliko dituzte. Olagarro fresko edo gordineko beste 125 kilo gordeko dira olagarro-patatak eta paella egiteko. Lehiaketan parte hartuko dutenei ere banatuko zaie olagarro freskoa. Olagarro lehorra, berriz, zopa egiteko erabiliko da. Zortzi kilo izango dira, 20 litro zopa prestatzeko. Hau guztia aurrera eramateko herriko talde eta elkarteen laguntza izango da. Hamar elkarte ariko dira lanean egunean zehar, txosnak kudeatzen nahiz herri bazkaria zerbitzatzen. Egin beharreko lana eta tokia zozketa baten bidez erabakitzen da. Aurten interesa aurkeztu duten talde guztiek izango dute zer egina. Hala, brotxeten eta zoparen salmentatik ateratako dirua elkarteen altxortegira bideratuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide