Zabalik dago bularreko minbiziaren aurkako I. lasterketan izen ematekoa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko ira. 10a, 17:32

Aurreneko aldiz antolatu du Azkoitiko Ttipi Ttapa elkarteak bularreko minbiziaren kontrako I. lasterketa. Antolatzaileek umeen eta helduen lasterketak antolatu dituzte. Lehenengoan 7 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek hartuko dute parte, eta horretarako, ibilbide ezberdinak egokituko dituzte. 7 urtera artekoentzat 400 metrokoa izango da, eta 7 eta 10 urte artekoentzat 800 metrokoa. 10 eta 14 urte bitartekoentzat 1.200 metrokoa egokituko dute. Umeen lasterketa arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta, helduena, ordubete beranduago, alegia, 18:00etan. Helduen ibilbidea 4 kilometrokoa izango da eta lasterketa oinez edo korrika egiteko aukera dago. Parte hartu nahi izanez gero, txikiek 3 euro ordaindu beharko dituzte, eta, helduek, 8 euro. Egunean bertan, berriz, 12 euro. Ttipi Ttapa taldea arduratu da lasterketa antolatzeaz eta bidelagun izan ditu Katxalin elkartea bera, Xeye Atletismo taldea, Gurutze Gorria eta Azkoitiko Udala.

Izen emateko aukerak

Izen-ematea Azkoitiko udaletxean bertan egin daiteke. Izena emateko orria www.azkoitia.eus webgunean dago eskuragarri. Orria deskargatu, bete, eta ordainketa egin ostean, azkoitikolasterketasolidarioa@gmail.com helbidera bidali beharko da. Xehetasunak izen emate orrian bertan daude. Beste aukera da Torre Zuri erakusketa areto aurrean izen ematea, irailaren 21etik 25era, 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide