Guillermo Aldalur ‘Pikua’, 2011n. (Aimar Maiz/Goierriko Hitza)
Atzo goizaldean zendu zen Guillermo Aldaluz Zabala ‘Pikua’ soinu jotzailea. Azkoitian jaioa 1933. urtean, Goierrin egin zuen bizitzaren zati handiena; Legazpin lehendabizi eta Lazkaon gero. Erromeria, festa, ezkontza eta dantzaldi askotan jo zuen Pikuak.
Soinu jotzen Pedro Elortzarekin ikasi zuen —koinatua zuen—, Azkoitian. Haren bidez hasi zen erromerietan jotzen. “Koinatuak bidalten ninduen soinua jotzera, Arabara. Lan asko izaten zuen herri txikietan. Garai hartan Araba Gipuzkoa baino hobeto ezagutzen nuen”, gogoratu zuen Pikuak hasiera, 2011n Gipuzkoako Hitzan. Fabrikako lana ere utzi zuen, soinu jotzen ibiltzeko.
Ezkontza askotak soinu jotzaile izan zen, bestetik. Azpeitiko Kiruri jatetxean, adibidez, hari deitzen zioten. Igande arratsaldeetan, berriz, erromeria-lekuetan (Elosu, Gabiria, Aizpurutxon…) aritzen zen. Soldadutza garaian, Radio Madriden ere jo zuen, “Gila umoristarekin”.
Loiola irratian soinua berari grabatu zioten, lehenengo aldiz, 1961ean. “Azkuntzak egin zigun grabazioa. Iturbide zen pandero jotzen. Juergan genbiltzan Kirurin; grabatu egin behar zela eta, denok joan ginen, kuadrillan. Ardo goxoa gailetekin atera, eta zuzenean grabatu genuen, gela batean”.