Irati Osa piraguista zumaiarrak munduko txapelketarako sailkatzea lortu du K-1ean. K-2an ere parte hartuko du. Itxas-Gaineko hiru kirolari izango dira irailean Hungarian
Irati Osa gazte zumaiarrak amets bat zuen: irailean Hungarian jokatuko den piraguismoko Munduko Maratoi Txapelketan parte hartu nahi zuen. Bere asmoak erdizka beteta zituen: Espainiako Maratoi Txapelketa irabazi zuen K-2an Ainhoa Hidalgo plentziarrarekin batera eta, ondorioz, binakako proban, Mundialera joateko txartela eskuratu zuen, Espainiako txapelketa irabazi zuten beste piraguista guztiek bezala. Horien artean ziren Itxas-Gaineko beste bi kide: Imanol Barruetabeña zumaiarra eta Unai Gereka getariarra. Hirurak ere jubenil mailako piraguistak dira, iaz Oklahomako mundialean izan ziren, eta hirurek ordezkatuko dute Zumaiako piraguismo taldea Gÿor hirian jokatuko den munduko txapelketan. (Gÿor-en eskuratu zuen Oier Aizpuruak bere azken Mundiala).Osa, baina, ez zegoen erabat pozik. Nola ez, gustura zegoen txapelketa irabaztearekin eta Mundialerako postua lortzearekin, baina, bakarkako proban ere parte hartu nahi zuen. Bere aita Xabier Osak, gazte talde honen entrenatzaileak gogoan duen bezala, garai hartan ez zuen behar bezala entrenatu, selektibitateko azterketan murgilduta zegoelako, eta K-1ean izateko atarian geratu zen.
Ametsak alde batera uztea, baina, oso zaila da, eta pasa den asteburuan bigarren aukera bat zuen helburua lortzeko. Estatu bakoitzak bi ontzi bidaltzeko aukera du maila bakoitzean, eta larunbatean eta igandean bigarren txartel hori irabazteko hautatze estropadak jokatu ziren Zamoran.
Mutilen atsekabea
Itxas-Gainek bi ontzi eraman zituen hitzordu garrantzitsu horretara. Uda osoan entrenatzen aritu ondoren, Osak ez zuen hutsik egin larunbatean, 19 kilometroko proban, eta estropadan garaipena lortzeaz gain, munduko txapelketarako txartela lortu zuen K-1ean.
K-2an atera ziren Martin Egañak eta Unai Azkunek ez zuten zorte bera izan. Xabier Osak gogoratu zien bezala, estropada biribila egin zuten, Mundialerako txartela eskuratu zuten Santiagotarrak klubeko bikotearen ondoan joan ziren 22,5 kilometroko ia estropada osoan, baina azken porteoan ontziaren xukaderak huts egin zien, eta irundarrek ihes egin zieten. «Ur asko sartu zitzaigun ontzian eta piraguak asko pisatzen zuen», azaldu zuen atsekabetuta Egañak.
Tamalez, Barruetabeñak eta Gerekak ez dituzte alboan izango beren lagunak. Beti bezain serio hitz egin bazien ere, prestatzaile Xabier Osak animoak altxa nahi izan zizkien: «Egin duzuen estropada biribila da, ezin da gehiago eskatu. Europa mailan bosgarrenak diren asturiarrak atzean utzi dituzue, hor erakusten duzue zer maila duzuen. Lasaitasuna ematen dit ikusteak zer ontzi ditudan».