XXXIV. Inazio Iriarte Kale Margo Lehiaketako baldintzak plazaratu ditu Azkoitiko Udalak. Hitzordua abuztuaren 17an izango da, goizez
Andramarietako ohiko irudia da abuztuaren 17an herriko kaleetan margolariak ikustea. Aurten ere, artistek hartuko dituzte herriko kaleak kuadrillen egunaren bezperan, eta, Azkoitiko Udalak plazaratu ditu dagoeneko Inazio Iriarte XXXIV. Kale Margo Lehiaketan parte hartzeko oinarriak. Interesa duen orok egin dezake bat ekitaldiarekin, baina margolariek Azkoitia izan beharko dute margotzeko gaia.
Lansaioa 09:00etan hasiko da. Izan ere, 10:00ak bitartean egingo dute lanerako gaien zigilatzea. Arratsaldeko 15:00etarako entragatu beharko dira lanak, Torre Zuri Erakustokian.
Parte-hartzaileek eurek lortu beharko dute beharrezkoa duten materiala, eta, ez dute mugarik edukiko lanaren neurria eta teknika aukeratzerako orduan.
Sari banaketa 19:30ean egingo dute, Torre Zuri erakustokian, eta 1.800 euroko sari poltsa egongo da banatzeko, artelanen mailen arabera banatuta.
Azkoitiko Udalaren esku geldituko dira saritutako obrak, eta horiek eta beste lan guztiak ikusgai jarriko dituzte irailaren 7ra arte, beti bezala, Torre Zurin bertan.