Zumaiak bi bandera irabazi ditu asteburuan, emakumezkoek larunbatean eta gizonezkoek igandean. Orio txapeldunorde izan da Espainiako Txapelketan.
Zaletasuna pizteko moduko estropadak jokatu dira asteburu honetan Getarian. Hiru bandera zeuden jokoan, eta horietatik bi Zumaiak eraman ditu. Hirugarrena Getarian geratu da.Gizonezkoetan, banderak bakarrik ez, San Miguel Ligarako sailkatze estropadetarako postuak ere jokoan zeuden. Getariarren lehen postua ziurtatuta, bigarren postua dago kolokan. Estropaden aurretik bost puntuko aldea zegoen bigarren postuan zegoen Ondarroa eta hirugarren zegoen Zumaiaren artean. Aldea murriztea zuten helburu Patxi Francesek prestatutako mutilek.
Larunbatean Mahala Bandera jokatu zen, eta etxeko ontziak, lanak ederki burututa, bere zalegoaren aurrean irabaztea lortu zuen. Getariako Bandera erabaki gabe geratu zen, ordea, irabazlearen eta bigarren sailkatu zen Zumaiaren arteko aldea hiru segundo eskasekoa izan baitzen.
Igandean, buelta eman zitzaion egoerari. Getaria indartsu atera zen, baina hirugarren luzean hortzak estutu eta burua hartu zuen Zumaiak. Laugarren luzean distantzia mantentzeko gai izan zen eta sei segundoko aldearekin heldu ziren helmugara. Bi jardunaldietako denborak kontuan hartuta, bandera Zumaiara joan zen.
Ondarroak larunbatean egindako lan kaxkarraren ondoren, iraulketa egon da sailkapenean eta Zumaia jarri da bigarren. Bi ontzien arteko aldea puntu bakarrekoa da. Beraz, erabakitzeko dago oraindik bietatik zein izango den sailkatze estropadan.
Gipuzkoako Liga hurbilago
Zumaiak asteburuko lehen bandera larunbatean irabazi zuen, emakumezkoen traineruaren eskutik. Gipuzkoako Ligako zortzigarren jardunaldia jokatu zen Getarian, eta Zumaiak espero baino erraztasun handiagoarekin lortu zuen garaipena: bigarren sailkatu zen Oriori 16 segundo atera zizkion, 22 San Juani eta 32 Hibaikari.
Zumaiak ia ziurtatuta du Liga irabaztea. Bi estropadaren faltan 65 puntu ditu sailkapenean, bigarren dagoen San Juanek baino sei gehiago. Orio da hirugarren eta Hibaika laugarren, biak ere 52 punturekin.
Orio bigarren Castron
Bestetik, Espainiako Txapelketa jokatu zen Castron (Kantabria, Espainia). Iragarri bezala, Galiziako klubek ez zuten txapelketan parte hartu, Espainiako Arraun Federazioak joan-etorriko dietak ez ordaintzeko erabakia hartu eta gero. Ondorioz, bost ontzi besterik ez ziren izan larunbateko sailkatze estropadan: Euskaditik Bermeo, Hondarribia, Orio eta Kaiku, eta Astillero Kantabriatik. Azken hau izan zen bosgarren larunbatean eta, ondorioz, ez zuen iganderako txanda lortu. Hego haize bortitza gonbidatu zutela San Miguel Ligako lau ontzi indartsuenak atera ziren igandean banderaren bila. Hondarribia izan zen azkarrena lehen ziabogan, baina bigarren luzean Bermeok hartu zuen aurrea eta helmugaraino ez zuen aurkaririk izan (20:09:52). Bigarren posturako borroka eskaini zuten Oriok eta Hondarribiak. Estropada erdian berdinduta joan ziren, baina azken luzean ihes egin zuten oriotarrek, eta bigarren sailkatu ziren (20:20:35). Hondarribia izan zen hirugarren (20:34:66) eta Kaiku laugarren (20:47:62).