Zentzu horretan jakinarazi zuten, hiru hilean behin "udaleko informazio garrantzitsuenarekin eta EH Bilduk egindako proposamen nagusiekin" aldizkari bat banatuko dutela Azkoitiko etxe guztietara. Era berean, Javier Zubizarretaren Udal talde berriari eskatzen diote Denon Herrixe proiektua mantentzeko eta indartzeko.
Bigarren indarra da egun EH Bildu Azkoitian, 1.946 bozka eta sei ordezkari lortu baitzituen pasa den maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan. EH Bilduren iritziz, "hausnarketa zintzoa" egiteak ematen die "aurrera begirako bidea indarrez eta ilusioz ekiteko aukera".
Atzerabegira, eta aurreko agintaldiari erreparatuz, lau urte "gogor" izan direla dio EH Bilduk, udalean topatu zuten egoera ekonomikoa "larria" zelako, baita krisi garaia kudeatu beharra tokatu zitzaielako ere.Koalizioak autokritika ere egiten du, aitortzen baitu zailtasunak izan dituztela euren "egitasmoak eta proiektuak" azkoitiarrengana iristeko. Zentzu horretan, bidean ikasitakoa "kontuan hartuko" dutela dio.
Proiektu ezkertiar eta abertzalea
Aurrerantzean, Azkoitia "ezkerretik eraikitzen jarraitzea" izango du helburu koalizioak; bide horretan, oposizio "eraikitzailea" egiteko konpromisoa hartu zuen astelehenean.