Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak gaur goizean, 12:00etan, hartu ditu Atez Atearen Kontrako Plataformako kideak. Harreraren helburua zen plataformak 2012an hondakinen atez atearen bilketaren aurka jasotako 3.547 sinadurak berresten dituen notario-akta entregatzea, eta, bide batez, "lehenbailehen" edukiontzien sistema ezartzeko eskatzea, EH Bilduk aurreko agintaldian ezarritako sistema mistoa kenduz. Aldi berean, “kontsultaren emaitzak errespetatzeko” eskatu diote plataformakoek.
2012an bildutako sinadurez gain, pasa den urtarrilean egindako herri galdeketan jasotako 1.774 ezezko botoen zifrak eman dizkiote alkateari. EAJk aurreratu zuen bere hauteskunde programan egun indarrean dagoen sistema mistoa kentzeko nahia, "edukiontzien aldeko apustua" eginez. Sistema honekin %70eko birziklapen tasa mantentzen jarraitzeko asmoa du.