Musika eta dantza: musikalen mundu koloretsurako bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko uzt. 17a, 07:10

Herriko Astindu dantza taldeak eta Zumaiako Udal Musika Bandak elkarlanean ‘Show’ musikala izeneko kale ikuskizuna eskainiko dute

Astindu dantza taldekoak entseatzen (Juan Luis Romatet). Zumaiako Astindu dantza taldeak eta Zumaiako Udal Musika Bandak elkarlanean Show musikala izeneko kale ikuskizuna eskainiko dute bihar gauean Odieta frontoian. Jendea edozein momentutan kantuan edo dantzan hasten den mundu irreal baterako bidaia eskaintzen dute musikalek. Une batean kanta edo sinfonia bat entzuten da, eta protagonistak (eta inguruan dauden pertsona guztiak) ezinezkoa dirudien koreografia batean murgiltzen dira, ikuslearen harridura sortuz. Hori da musikal baten magia, eta magia horren izpiak ikusteko aukera izango da bihar, larunbata, Astindu dantza taldeak eta Udal Musika Bandak elkarlanean eskainiko duten Show musikalean. Aurrez ere musikalen mundua ukitu du Astinduk uda garaian kalean egiten dituen ikuskizunetan. Horren adibide dira Broadway-ren inguruan muntatutako bi saioak. Bigarrenean antzerkia ere ikuskizunaren parte izan zela du gogoan Jone Osa Astinduko kideak eta bihar jarraitu ahal izango den ikuskizuneko arduradunak. «West Side Story, Mary Poppins, Grease, Mamma Mia, Moulin Rouge nahiz Sister Act musikaletan oinarritutako koreografiak dantzatuko ditugu. Beste lan batzuk ere buruan nituen, baina Mikelekin hitz eginda [Emezabal, musika bandako zuzendaria], hauetara mugatu gara», azaldu du dantzariak. Aurreko ikuskizunekin alderatuta, berrikuntza nagusia Bandaren parte hartzea izango da: zuzenean jotako musikaren gainean egingo dute dantza Astinduko kideek. Talde bakoitza bere aldetik aritu da entseatzen, eta aste honetan bertan elkartu dira azken prestatze saioetarako. 40 bat musikari eta 30 dantzari inguru elkartuko dira, «Astinduko kideak gehienak, baina ikuskizun honetarako espreski etorri direnak ere badira», esan du Osak. 22:00etan kalejira egingo dute Amaiako Plazatik Odietara, «jendea erakartzeko», eta ikuskizuna 22:30ean hasiko da frontoian. Prest izan musikalaren mundu magikoan murgiltzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide