Azkoitia Zero Zaborrek bilera eskatu dio alkateari

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko uzt. 15a, 18:55

Taldeak dio "lasai" dagoela, 2014ko uztaileko udalbatzan hondakinen "%70a gaika biltzeko konpromisoa" hartu zutelako EH Bilduk, EAJk eta Azkoitia Baik

Azkoitia Zero Zaborrek bilera eskatu dio Azkoitiko alkate Javier Zubizarretari. EAJk alkatetza lortu zuen pasa den maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan eta, orain, ikusteko dago hondakinak biltzeko sistema mistoaren inguruan hartuko duen irizpidea zein izango den. Zubizarretak jakinarazi du behin baino gehiagotan sistema mistoa kentzeko nahia, bosgarren edukiontziaren mesedetan. Zero Zabor taldeak argitaratutako gutunean dio, udal gobernu berriarekin "konpartitzen" dituzten "helburuak eta printzipioak oinarri hartuta" zero zabor bidean "bidelagun" izatea dutela helburu, dagoeneko udal ordezkariekin bilera eskatu dutela jakinaraziz. Era berean, "lasai" daudela dio taldeak, iazko uztaileko udalbatzan onartu zutelako EH Bilduk, EAJk eta Azkoitia Baik hondakinen "%70a gaika biltzea eta bi urteren buruan %80-85era iristeko helburua betetzea".

Aurrerapauso nabarmenak

EH Bilduk kudeatutako aukerreko agintaldian, "aurrerapauso nabarmenak" eman zirela irizten dio Azkoitia Zero Zaborrek. Horren ondorio da egun "%70-75eko" gaikako bilketa izatea herrian. Ildo horretatik, iaz adostutako helburuak nabarmentzen ditu Zero Zaborrek; horien artean daude, besteak beste, prebentzio politikak egitea, helburuak lortzeko irizpide teknikoak kontutan hartzea, beharrezkotzat jotzea errefusari "ateak itxiko" lizkioken bilketa sistema edota birziklapena herritar "guztion" betebeharra dela jakinaraztea.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide