Hebentik elkarteak pilota, dantza, musika eta hitza uztartzen dituen ikuskizuna ekarriko du, bihar, Azkoitiko Oteiza Pilotalekuetara. 22:00etan hasiko da 'Pilotarhitza' emanaldia eta doan izango da.
Hasteko, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek 1964. urtean elkarlanean zuzendu zuten Pelotari film laburra ikusteko aukera izango da. Bermeon grabatutako lan honetan Atano III.a, Atano X.a, Kortabitarte, Akarregi, Ogeta eta Gallastegi pilotari handiak azaltzen dira.
Ondoren, pilota jokoaren inguruan egindako 'Pilotarhitza' ikuskizunaren txanda etorriko da. Dantzarien eta pilotarien mugimenduen arteko parekotasunetatik abiatutako emanaldi hau Mizel Theret biarriztar koreografoak sortua da. Bertsolaritza da emanaldiaren oinarrietako bat, eta Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra izango da ikuskizuna hitzez jantziko duena.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide