Enpresako pilotariak Zelai talasoterapia hotelean daude talde egonaldian, eta gaur arratsaldean pilota eskolako gaztetxoekin jokatuko dute Odieta frontoian.
Asegarce enpresak egonaldiak egiten ditu urtero, eta bere pilotariak eramaten ditu bertara egun batzuk elkarrekin pasa eta atsedena hartzeko. Aurten Zumaian burutzen ari dira egonaldi hau, Zelai talasoterapia hotelean, hain zuzen ere. Astelehen arratsaldean etorri ziren, eta bihar eguerdira arte egongo dira bertako zerbitzuez gozatzen. Atsedena bai, baina lesioen, elikaduraren eta esku pilotan jokatzeko beharrezkoak diren ezaugarri fisikoen inguruko hitzaldiak ere entzun dituzte.Lau egun hauetan herria ezagutu eta herritarrekin egoteko aukera izango dute. Kostaldeko flysch-a ezagutzeko irteera egingo dute gaur, baina aurretik ekitaldi polit bat burutuko dute, 17:30ean Odietan (Herri Eskolako frontoi estalian euria egiten badu). Pilotako izarrak herriko pilota eskolako neska-mutilekin elkartuko dira eta eskuz binakako txapelketa azkarra jokatuko dute. Etorkizuneko pilotariek Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea eta Asegarceko koadroa osatzen duten pilotarien azalpenak entzuteko aukera izango dute.
Final handiaren aurrean
Egonaldian parte hartzen ari direnen artean buruz buruko final handia jokatuko duten Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizola daude. Finala ekainaren 14an zen jokatzekoa Bilbon, baina Bengoetxeak hatz erakuslea hautsi ondoren, hilaren 28ra atzeratu dute. «Kontzentrazioan oso gustura gabiltza. Urtean behin izan beharrean, bitan izango balira hobe! Giro ederrean gaude, eta tokia ere oso polita da», zioen atzo Olaizolak. Umoreari eutsiz, aurrean zuen itsasoan bainatzeko asmorik ez duela azpimarratu zuen: «Bainujantzirik ez dut ekarri, behintzat!».