Zumaiako pilotari gazteek Asegarceko izarren azalpenak jasoko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko eka. 16a, 18:48

Enpresako pilotariak Zelai talasoterapia hotelean daude talde egonaldian, eta bihar, asteazkena, pilota eskolako gaztetxoekin jokatuko dute Odieta frontoian.

Asegarceko pilotariak Zumaian (Juan Luis Romatet). Asegarce enpresak egonaldiak egiten ditu urtero, eta bere pilotariak eramaten ditu bertara egun batzuk elkarrekin pasatu eta atsedena hartzeko. Aurten Zumaian burutzen ari dira egonaldi hau, Zelai talasoterapia hotelean, hain zuzen ere. Astelehen arratsaldean etorri ziren, eta ostegunera arte egongo dira bertako zerbitzuez gozatzen. Atsedena bai, baina lesioen, elikaduraren eta esku pilotan jokatzeko beharrezkoak diren ezaugarri fisikoen inguruko hitzaldiak ere entzun dituzte. Lau egun hauetan herria ezagutu eta herritarrekin egoteko aukera izango dute. Kostaldeko flysch-a ezagutzeko irteera egingo dute bihar (asteazkena), baina aurretik ekitaldi polit bat egingo dute, 17:30ean Odietan (Herri Eskolako frontoi estalian euria egiten badu). Pilotako izarrak herriko pilota eskolako neska-mutilekin elkartuko dira eta eskuz binakako txapelketa azkarra jokatuko dute. Etorkizuneko pilotariek Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea eta Asegarceko koadroa osatzen duten pilotarien azalpenak entzuteko aukera izango dute. Final handiaren aurrean Egonaldian parte hartzen ari direnen artean buruz buruko final handia jokatuko duten Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizola daude. Finala ekainaren 14an zen jokatzekoa Bilbon, baina Bengoetxeak hatz erakuslea hautsi ondoren, hilaren 28ra atzeratu dute. «Kontzentrazioan oso gustura gabiltza. Urtean behin izan beharrean, bitan izango balira hobe! Giro ederrean gaude, eta tokia ere oso polita da», zioen gaur Olaizolak. Umoreari eutsiz, aurrean zuen itsasoan bainatzeko asmorik ez duela azpimarratu zuen: «Bainujantzirik ez dut ekarri, behintzat!».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide