Universidade do Minhoko irakaslea, ProGeo erakundeko presidentea eta geoparkeetan aditua, Zumaian da Ondare Geologikoaren Batzordearen XI. Biltzarrean parte hartzen
Zer lan egiten du ProGeo erakundeak?Ondare geologikoaren kontserbaziorako Europa mailako elkartea da. 1992. urtean sortu zen, eta herrialde europar ia denetan ditu taldeak. Bere erronka nagusia ikerketa eta ondare geologikoaren dibulgazioa sustatzea da. Inbentarioekin, lekuen sailkatzeekin eta herrialde bakoitzaren legediaren egokitzapenarekin ere egiten du lan, beti ere ondare geologikoarekin lotuta.
Legedien artean desberdintasun handiak al daude?
Hala da, baina arazo handiena da Europako herrialde askotan ondare geologikoa ez dagoela bertako legedietan sartuta. Naturaren babesaz hitz egiten bada, biodibertsitatea jasotzen da, eta ez ondare geologikoaren babesa. Espainiak 2007an txertatu zuen bere legedian, Portugalek 2008an. Beste herrialde batzuk, Erresuma Batuak kasu, 1940ko hamarkadatik jasota du. Hala ere, munduko beste kontinenteekin alderatzen badugu, Europa da geokontserbazioa garatuena dagoen lekua.
Geologiaren garrantzia ulertzen dela uste al duzu?
Jendearen gehiengoarentzat geologia arrokak dira, eta kito. Hori arazo bat da, geologiaren inguruko hutsune handi bat baitago gizartean. Ez da geologoaren lanbidea ulertzen, eta geologiari ez zaio inongo garrantziarik ematen. Heziketa sistemaren arazoa da hori. Hori aldatzen denean ulertuko du gizarteak zergatik gorde behar diren lekuak. Heziketa eta dibulgazio lan handia egin behar da, baina jendea ulertzeko gai izango den dibulgazio bat. Geologoek askotan ulergaitza den hizkuntza bat hitz egiten dute, inork ulertzen ez dituen hitzekin. Dibulgaziorako materialarekin kontu handia izan behar da. Geoparke batean gaude orain, eta hauen misioa lurraldearen geologia dibulgatzea da.
Gehienbat turismoari lotuta dauden erakundeak bezala ikusten ditugu Geoparkeak.
Funtsezko hiru erronka dituzte: leku geologikoen babesa, heziketa eta dibulgazioa; azken hori turismoarekin lotuta doa. Geoparke guztiek dituzten hiru erronkak dira. Turismoan bakarrik zentratuko balitz, ez litzateke lan ona egiten ariko. Hiru arloetan batera egin behar da lan.
Ondarearen babesak leku horren garapen ekonomikoan ondoriorik izan al dezake?
Zalantzarik gabe. Hori ere bada geoparkeen misioa, bizilagunei erakustea betidanik ezagutzen duten leku horrek balioa duela eta ondare geologikoa pertsonei eta komunitateari onura emateko gai dela. Baina emaitzak ez dira egun batetik bestera eskuratzen; urteak behar dira horretarako. Geoparkeen estruktura berria da; hamar edo hamabi urte besterik ez dituzte. Lan motela da, baina emaitzak ematen ari da.
Turismo mota masifikatu bat jasotzeko arriskua ere hor dago. Nola lortu kontserbazioa eta turismoaren arteko oreka?
Gure estrategien artean garbi daukagu ez ditugula geoparkeak turismo mota horretara bideratu nahi. Ondo ezagutzen dugu turismo mota horrek zer nolako ondorioak sortzen dituen, eta era batera edo bestera ekidin behar da. Ez da hain zaila, naturarekin lotutako gaiek ez dituzte-eta turista kopuru handiak erakartzen. Etorriko den turista kopurua ez da beldurgarria izango, baina kontuz ibili behar gara esandako oreka hori lortzeko.
Zabaltze ekitaldian Marcos Aurellek zioen zailtasunak daudela ezagutza dibulgatzeko Zer egin daiteke?
Komunikazio talde handietara heltzea beharrezkoa da, eta hor oso garrantzitsua telebista da, dibulgazio masiborako hedabide garrantzitsuena baita. Geoparkeak egunkarietara eta herrietako hedabideetara heltzen dira. Lan ona egiten ari dira, baina oso zaila da talde handietara heltzea. Haietara heltzeko profila eta karismaz betetako lagun bat edo bi beharko genituzke.