HITZA/Eli Ibarra
Iritsi da egun handia. Eli Ibarra azkoitiarrak gaur jokatuko du Munduko Futbol Kopako aurreneko partida. Larunbatean hasi zen txapelketa nagusia, Kanadan. Espainiako selekzioak Costa Rica taldearen aurka jokatuko du gaur, 16:00etan–hango ordutegian–. Montrealgo Olympic estadioan izango da norgehiagoka. Jokalari azkoitiarrarekin batera beste bost euskal jokalari daude taldean: Athleticeko Ainhoa Tirapu, Irene Paredes eta Erika Vazquez, eta Bartzelonako Leire Landa.
33 urteko azkoitiarraren ibilbide profesionala Lezamara lotuta dago, 2002. urteaz geroztik Athleticeko jokalaria baita. Aurretik Eibartarrak Futbol Taldean jokatun zuen bi urtez, 2000-2002 artean. Hegaleko ezker postuan jokatzen du eta garaipen ugari lortu ditu Athletic taldearekin: bere palmaresean daude Espainiako emakumezkoen futbol lehiaketako bost Superliga.
Inoiz baino talde gehiago
Zazpigarren Munduko Futbol Kopa honetan, inoiz baino selekzio gehiago ariko dira lehian, 24 baitira guztira. 24 selekzio horiek sei multzotan daude banatuta, eta multzo bakoitzeko aurreneko bi sailkatuak zuzenean pasatuko dira kanporaketetara. Beste laurak, berriz, hirugarren sailkatuen artetik lau onenak izango dira. Uztailaren 5ean izango da final handia, Vancouver-eko BC Place estadioan.