Munibe Group eta Iraurgi Berritzeneko kideak
Egunotan BECen ospatzen ari dira Azpikontratazio Feria, eta han ari dira ezagutzera ematen zonaldeko mekanizatuen bost enpresak sortu berri duten Munibe Group taldea. «Elkarrekin gehiago gara» ideia oinarri hartuta hasi dira proiektua aurrera eramaten. Mecanizados Gurrutxaga SL azpeitiarra eta Azkoitiko Alberdi Mekanizatuak SL, Ekintza Lantegia SA, Talleres Arrieta SA eta Talleres Mecanicos Murua SL dira, hurrenez hurren, proiektu ekintzaile honi ekin dioten enpresak.
Proiektua martxan jartzeko funtsezkoa izan da Iraurgi Berritzen agentziaren laguntza. Urola Erdiko Garapen Agentziako kide Jon Zubizarreta aritu da buru-belarri koordinatzaile lanetan azken hilabeteetan. BECetik bertatik azaldu du orain arte hausnartzen ibili direla enpresa bakoitzak bere berezitasuna galdu gabe partekatutako ideia bat sortzeak ekar ditzakeen abantailez. Oraindik ere horretan dihardute.
Batasunak indarrak batzeko balio duela jakinda sortu dute Munibe Group. Alegia, bakoitzak bere kasara bezeroiei eskaini ezin dizkien piezak, eta eskari zabalari erantzuteko nahiz neurri handiagoko proiektuetan sartu ahal izateko nahiagatik bildu dira. Hamar eta hogeita hamar langile bitartekoak dira bost enpresak, mekanizazioan eskarmentu handikoak. Sektore ezberdinetako bezeroak dituzte, eta euren kalitate maila aitortu izan diete.
Munibe taldeak 3mm eta 2,8m arteko neurria duten pieza-tipologia eskaintzen dio merkatuari.
Garai berriak
Azken urteetan lan merkatuan emandako aldaketek sormena garatzera ere derrigortu ditu enpresa ugari; bide honetan, gainera, txikienak izan dira zailtasun gehien izan dituztenak. Hori jakinda, Munibe Group osatzen duten enpresek garai berriei eutsi diete eta formula berriak sortzen saiatu. Talde honetan enpresek eurek gidatzen dute beraien bidea, baina hurbileko beste enpresen laguntza dute. Formula berri hauei esker, helburua da zerbitzu hobea ematea bai momentuan dituzten bezeroei, bai etorkizunekoei.
Lan bateratuak hainbat sektoretan egoteko gaitasuna ere ematen dio taldeari. Besteak beste, eolikoan, itsasontzienean, siderurgian, makina-erremintan eta trenen sektorean; eta aldi berean, bakoitzaren esperientziak eta ezagutzak konpartitzeko aukera dute.
Munibe Group izena bera, «Xabier Munibe Peñafloridako Kondeari omenaldia da». Gizon ekintzaile hark Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuen gaur egun Azkoitiko Intsausti Jauregia kokatzen den eraikinean. Iraurgi Berritzen-ek ere han du egoitza.