Metal Topaketak antolatu dituzte Zumaiako Udal Musika Bandak eta Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak. Bi eguneko egitaraua prestatu dute ikastaroz eta kontzertuz osatuta
Tronboien, tronpeten eta metalezko beste instrumentuen doinuak entzuteko aukera egongo da asteburuan Zumaian, Metal Topaketei esker. Zumaiako Udal Musika Bandak eta Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak Udal Musika Patronatuaren babesean antolatzen dituen jardunaldi hauek gaur bertan hasiko dira haurrei zuzendutako kontzertu batekin. Emanaldiez gain, metalezko instrumentuen inguruko ikastaroak ere egingo dituzte larunbatean.Klarinete Maratoiak izandako arrakastaren aparrean egin ziren lehen Metal Topaketak Zumaian 2009. urtean. «Musika Eskola Udal Musika Bandaren haztegia ere bada, eta egitasmo hau martxan jarri zen unean metalezko instrumentuak jo nahi zuen ikasle askorik ez zegoen. Matrikula kopurua handitzeko asmoarekin antolatu zen lehen topaketa», azaldu du Txori Txikiko zuzendaritza taldeko kide Sofia Oriak. Gaineratu du, lehen topaketa hartatik metalezko instrumentuak jotzeko interesa azaldu duten ikasleen kopuruak urtero pixkanaka gorantz egin duela.
Kontzertu eta ikastaroekin osatu dute bi eguneko egitaraua. Hasteko, gaur bertan, 15:00etan, kontzertu pedagogiko bat eskainiko dute Aita Mari zineman. «Zumaiako ikastetxe guztiei luzatu diegu gonbitea. Iaz egin zen mota honetako lehen kontzertua, eta hura bezala, hau ere pedagogikoa izango da. Metalen familia osatzen duten instrumentuen berri emango zaie, baina sorpresa ugari ere izango dira», azaldu du Oriak.
Bihar, goizeko 10:00etan hasiko dira lanean Ubillos jauregian, goizean zehar egingo diren ikastaroetan. Ordu horretan hasi eta 11:30era bitartean ikasleak taldeka banatuko dira, eta beroketa eta teknika hobetzeko ariketak landuko dira. Atsedenaldi txiki baten ondoren, 12:00etatik 14:00etara ikastaroen bigarren txanda izango da. Bertan, banakako lana landuko dute gehienbat. Mikel Arkauz Zubillaga (tronboia), Erlantz Fernandez (tronpeta), Jose Manuel Redondo (tuba) eta Luis Fernando Nun?ez Lafuente (tronpa) izango dituzte saio hauetan irakasle.
Arratsaldean, 16:00etatik 17:30era ikasleen artean taldeak osatu, eta arratsaldean bertan Musika Bandarekin egingo den kontzertuaren musika landuko dute. Topaketetako ikasleak eta irakasleak partaide izango dituen kontzertua 19:30ean hasiko da Amaiako Plazan.
Aurreko jardunaldietan Euskal Herri osotik etorritako parte-hartzaileak izan ziren. Aurten partaidetza urriagoa izango dela uste dute, «gero eta konpetentzia handiagoa dugulako. Herri askotan ari dira antzerako gauzak sortzen, akaso hemen bezalako arazoak izan dituztelako».
Musikariak bakarrik ez, instrumentu hauetako bat ahora eraman eta zarata lehenik, doinuren bat ondoren ateratzeko kuriositatea duen edonor dago gonbidatua. Informazio gehiagorako: 943-86 11 83 edo mueszu@hotmail.com edo zumaiakomusikabanda@yahoo.es helbidetara idatzi.