Gazteak, Bilduri babesa emateko argazkian
(EH Bildu)
Azkoitiko hainbat gaztek argazkia atera dute Musika Eskola ondoan, datozen udal hauteskundeetarako EH Bilduri atxikimendua emateko, eta Azkoitiko zerrendan joango diren Iraitz Korta, Ainhoa Aranbarri, Ainara Azpiazu eta Iraitz Otaño gazteei babes eta animoak helarazi dizkie.
Gazteentzat, EH Bildu da euren eta erakundeen arteko "zubi lana" egingo duena: "Horren adibide besterik ez dira “Gaztin Herrixe” dinamika eta gazteok emantzipatu ahal izateko diru-laguntzak". Haien ustez, "duela lau urte ekindako bideari jarraipena eman diezaiokegu". "Zalantzarik ez dago bizi dugun egoera larriari buelta emateko ezinbestekoa dela gazteon parte hartzea, erabaki guneetan ere gazteok protagonista izatea", gaineratu dute.
Gazteen iritziz, "denbora gehiegi pasa da gazteoi erabakitzeko eskubidea kendu zigutenetik"; beraz, botereguneak ere bereganatu behar dituztela deritzote, "aldaketa benetakoa izatea nahi badugu". Horretarako, bi aukera dituztela adierazi dute: "Gazteok eta gazteontzat eraikia izango den Azkoitia berri batean bizi edo gure hitzak baliorik izango ez duen herri batean bizi. Horregatik dei egiten diegu gazte azkoitiarrei etxetik atera eta aldaketarantz urrats bat gehiago eman dezaten maiatzaren 24ean ere".