Piraguismoko Euskadiko maratoi txapelketa izango da gaur Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko mai. 1a, 00:00

Urola ibaian jokatuko dute lehia 130 ontzi inguruk, 14:30etik aurrera. Itxas-Gain elkarteak antolatu du, eta kadeteak ureratuko dira aurrena lehiatzekoBigarren urtez jarraian, Zumaian jokatuko dute piraguismoko Euskadiko maratoi txapelketa. 14:30etik a...

Urola ibaian jokatuko dute lehia 130 ontzi inguruk, 14:30etik aurrera. Itxas-Gain elkarteak antolatu du, eta kadeteak ureratuko dira aurrena lehiatzeko

Bigarren urtez jarraian, Zumaian jokatuko dute piraguismoko Euskadiko maratoi txapelketa. 14:30etik aurrera hasiko dira probak eta 130 ontzi inguru izango direla aurreikusten dute Itxas-Gain elkarteko antolatzaileek.

Iaz izandako txapelketaren arrakasta ikusita, piraguismoko euskal federazioak proposatu zion Itxas-Gaini aurten ere txapelketa Zumaian jokatzea. «Beste edozein proba antolatzeak baino lan gehiago eskatzen du, baina iaz ikusi genuen harrera hobea zuela ikusleen aldetik», adierazi du Itxas-Gaineko presidente Kepa Etxabek.

Euskal Herriko klubez gain, 130 ontzi inguru horien artean Miranda de Ebro eta Palentziako (Espainia) ordezkaritzak ere hurreratuko dira Urola ibaiko norgehiagokara.

Aurtengo zirkuitua desberdina izango da. «Pasa den urtean Talaipe ingururaino jaitsi ginen, baina aurten ziaboga Moilaberriko zubi parean jarriko dugu. Ibaian gora ziaboga ur araztegiaren parean kokatuko da», azaldu dute antolatzaileek.

Kadeteen estropadarekin hasiko da txapelketa, 14:30ak aldera. Hauek 10.500 metroko proba bete beharko dute. Irteera Moilaberri aurrean izango da, eta helmuga itsas kiroldegi parean. Zirkuitu luzea 3.200 metrokoa da, eta hari hiru itzuli emango dizkiote, hiru eramate edo porteorekin. Azken eramatearen ondoren, itzuli txiki bat egingo dute; ibaian gora egin, Lagun Artea parean ziaboga egin eta helmugara heltzeko.

Behin kadeteek amaituta, 16:00ak aldera jubenilen, 23 urtez azpikoen, seniorren eta beteranoen txanda izango da. Jubenilek 13.800 metroko estropada egingo dute (lau itzuli handi, lau eramate eta itzuli txikia); seniorrek eta beteranoek, berriz, 17.000 metrokoa (bost itzuli handi, beste hainbat eramate eta itzuli txikia).

Maratoietako une ikusgarrienak eramateak dira, inongo zalantzarik gabe; porteoetan segundo bat bera ere ez galtzea izaten da faboritoen helburua.

Itxas-Gainek maila guztietan hartuko du parte. Kadeteetan lau ontzi jarriko ditu uretan; bi mutiletan, eta beste bi nesketan. Jubeniletan, nesketan, Irati Osak txapela irabazteko aukerak dituela uste du Kepa Etxabek. Mutiletan borroka Itxas-Gaineko Martin Egañaren eta Unai Azkuneren, eta Irungo Santiagotarrak elkarteko K2aren artean egongo dela uste dute. «Bi ontziak Pontevedran ere neurtuko dira, eta han Europako txapelketarako lekua izango da jokoan». Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka aurten seniorretan arituko dira, nahiz eta jubenilak izan. Xabier Osak eta Kepa Etxabek osatuko dute bigarren ontzia.

Bakarkako estropadetan txapeldun izateko aukerak badituzte ere, klubetan halakorik ez dela gertatuko uste du lehendakariak. «Irundik tropa handia etorriko da, eta Donostia Kayak ere indartsu ibiliko da. Podiumera igoko garela uste dut, baina lana egin beharko da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide