Azkoitiko Udalak azken lau urteetan partaidetzaren alorrean egin duen lana errepasatu eta baloratzeko, bilera egingo dute asteartean, maiatzaren 5ean, herritarrekin batera. 18:30ean, Elkargunean bilduko dira eta Danon Herrixe prozesuaren abiapuntua gogoratuko dute, eta hasieran zehaztutako erronkak osatzeko udalak herritarrekin garatu dituen ekimenak aztertuko dituzte gero. Hori eginda, hurrengo urteetako herritarren parte hartze politiken eta moduen inguruko proposamenak eta hobekuntzak landuko dituzte.
Udalak 2012an abiatu zuen Danon Herrixe prozesua, herritarren parte hartzea sustatzeko eta bultzatzeko asmoz. Herriaren ezaugarrien, egoeraren eta beharren diagnostikoa egin zuten lehenengo, eta etorkizunean nolako Azkoitia nahi zuten adostu zuten. Han zehaztutako erronka eta ekimen batzuk lehenetsi zituzten, eta hurrengo urteko aurrekontuetan txertatu zituzten. Ordutik, udal aurrekontuetara begira parte hartze prozesua zabaldu izan dute, eta herritarrek hainbat modutara ekarpenak egin dituzte. Horrez gain, udalak gogoratu du beste sail batzuetako ekimenak ere gisa horretako prozesuak hasi dituztela: hala nola, euskara plana, Urbanoa autobus zerbitzua, ingurumen plana, hondakinen ingurukoa, Moiu ipurdixe gazteen prozesua, Azkoitiko bidegorri sarearen diseinua...
Hori hala, lau urtetan parte hartzea lantzeko erabili dituzten formulak, horiek izan duten eragina eta "egindako akatsak" aztertuko dituzte, eta herritarren iritzia jasoko dute. Ordubeteko bilera "arina eta irekia" izango da, eta bertan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide