Bertso paper lehiaketarako lanak aurkeztu daitezke

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko api. 24a, 08:00

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako Udaberri eta Indarlan guraso elkarteek antolatu dute XXIV. Bertso paper lehiaketa, eta gazteek dagoeneko bidali ditzakete euren lanak. Ohi bezala, bi multzotan banatu dituzte lehiakideak: batetik, DBH 1. eta 2. mailako nerabeek hartu dezakete parte —A multzoa—, eta bestetik, DBH 3. eta 4. mailakoek — B multzoa—. Horiek, lau eta sei bertso bitartean sortu beharko dituzte, eta gaia eta neurria libreak izango dira. Bakoitzak, gehienez bi bertso sorta bidali ditzakete, eta horiek inon aurkeztu gabekoak izan beharko dute. Maiatzaren 15era bitartean aurkeztu daitezke lanak, posta arruntez edo e-postaz. Posta arruntez eginez gero, sortak ezizen batez sinatu beharko dira. Beste gutun azal batean egilearen izen-abizenak jarriko dituzte, eta kanpoan ezizena bakarrik jarriko dute. Bietan zehaztu behar dute partaideak zein multzotakoak diren, eta honako helbidera bidali beharko dituzte: Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe. XXIV Bertso paper lehiaketa. Estrada auzoa, 115-75. postakutxatila. 20720. Azkoitia. E-postaz eginez gero, bi dokumentu bidali behar dituzte, word formatuan: lehenengoan bertso sorta eta ezizena joango dira, eta bigarrengoan egilearen datuak bidaliko dituzte, xabiermunibebertsoak@gmail.com helbidera. Era berean, mezuaren izenburuan egilearen multzoa zehaztu behar dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide