Lau eguneko jaiak ez dira nahikoa zumaiarrentzat, ez behintzat santelmoetan. Ajea atzean utzi eta berriz festan murgiltzeko aukera dute gaurtik igande gauerdira arte, santelmoen repetizioekin.
D enborarekin arrakastatsuak bihurtu diren bi jaialdi izango dituzte gaur Zumaian. 20:00etan Bertsotan Jai jaialdia izango da Torreberrin. Koadrilaka eta jai giroan ospatzen den txapelketa izaten da hau; lehen asteburuko saio ofizialetik ezin urrunago dagoen izpiritua du. Hala zioen lehen ostiraleko jaialdian aritu zen Maddalen Arzallus bertsolariak: «Lehen Zumaiako bertso txapelketa oso formala zen. Orain askoz hurbilagoa da eta gutxieneko bat duen edozeinek hartu dezake parte. Aurreko urte batean kantatu zuen bertsotan sekula entzun ez duzun jendeak. Irabazi ere egin zuen batek, eta ez dakit nola! Pixka bat baldin badakizu eta pixka bat ausarta bazara, parte hartu dezakezu. Nik uste dut horrek bultzatzen duela partaidetza, baina baita entzuleak ere. Entzutera zoazenean ere ez zoaz bertso saio formal batera». Gaur gaueko jaialdian ere ez du huts egingo Zumaian bizi den hendaiarrak.22:30ak aldera eta txosna eremuan, Bertsio Gaua egingo dute. Hamar bat talde igoko dira oholtza gainera gogokoenak dituzten taldeen kantak jotzera: Berri Txarrak eta Su ta Gar, Willis Drummond eta MC5, Arctic Monkeys eta Rolling Stones. Egitasmo honek urtetik urtera gero eta arrakasta handiagoa duela uste du Jon Urruzuno rockzaleak. «Talde askotan aritzen diren musikariak nahastuta ikusteko aukera izaten da gau horretarako espresuki sortutako taldeetan eta, gainera, zoroarena egiten. Umorea izaten da, eta gainera talde famatuen kantak edo temazo handienak jotzen dira, eta horrekin jendea gustura egoten da». Aurten ere txosnetako eszenariora igoko da zumaiar hori. Bere kasuan, Urola Remember proiektuarekin azalduko da: «Gugan eragina izan duten Azpeitiko eta Zumaiako talde batzuen bertsioak joko ditugu».