Lehenengo aldiz, Gazte Eguna ospatuko dute etzi Azkoitian, Gaztien Herrixe Moiu ipurdixe parte hartze prozesuko kideek horretarako konpromisoa hartu eta gero. Iaz egin zuten prozesua, herriko gazteak elkartu eta elkarrekiko zubiak eraikitzeko asmoz, eta etzi ospatuko duten eguna horren emaitzetako bat izango da. Izan ere, gazteak batu eta askotariko ekintzak izango dituzte goizetik hasita.
Txupinazoarekin hasiko dute eguna, 11:00etan, Balda Plazan, eta jarraian jolasak egingo dituzte, eta izena emateko epea egunera bertara luzatu dute. Sei laguneko taldeak osatu eta aldez aurretik Facebook-eko Moiu ipurdixe kontuan, udaletxeko sarreran edo I-Gaztean, edo egunean bertan plazan eman behar da izena. Asteburu bat Bertizen igarotzeko eta abenturazko ekintza bat jasotzeko saria izango dute irabazleek. Kontrako Eztarrixe irratiak, berriz, Molotov saio berezia egingo du goizean handik, eta 13:30ean triki poteoa hasiko dute. 14:30ean, parrilada egingo dute, Ikurrinaren plazan. Janaria norberak eramango du, eta bertan txotxa egongo da. Arratsaldean, berriz, Azkoitiko Duatloia animatzera joango dira gazteak, eta Ze Esatek! taldearekin kontzertua izango da 23:00etan. Antolatzaileek herriko gazte guztiak animatu dituzte bertan parte hartzera.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide