Ekitaldi erlijioso ugari izango dira bihartik aurrera Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko api. 4a, 08:00

Aste Santuko prozesioa Azkoitiko Plaza Berrian, 1925ean
(Uria Sendikoen bilduma) Kristau komunitateak Jesusen heriotza ospatzeko errituak egingo ditu Aste Santuetan, eta eskualdean, Azkoitiko ekintzak dira ezagunenak. Beste urte batez, Ostiral Santuak formula loturgikoari eutsiko dio Azkoitian. Hau da, Aita Kardaberaz eta Peñafloridako Kondeak sortutako Gurutz Bidea eta ohiko bi prozesioak (arratsaldeko Pasioa eta gaueko Ehorzketa Santua) irudikatuko dituzte. Igandean erramuen bedeinkapena eta prozesioa egin ondoren, bihar, Ostegun Santuan, ekitaldi ugari izango dira: 12:30ean, bisita gidatua egingo dute Parrokian, hango eta Aste Santuko irudiak oinarri hartuta. Arratsaldean, bi meza izango dira, lehenengoa, 17:00etan, Santa Klarako elizan, eta bestea Jesusen Afariaren Ospakizun gisa izango da, 19:00etan, parrokian. 21:00etan, berriz, Gau Gurtza egingo dute. Ostiral Santuan ere izango da ekitaldirik; 09:00etan eliza irekiko dute gogoeta eta bisitetarako, eta 11:00etan, Gurutze Bidea egingo dute. 12:30ean, bisita gidatua izango da gune historikoan, eliza aurretik irtenda. Arratsaldean, berriz, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizunak egingo dituzte elizan, 16:00etan gazteleraz eta ordubete geroago euskaraz. Horiek amaitutakoan, prozesioa egingo dute, eta 21:30ean hilobirako prozesioa izango da. Larunbatean, apirilaren 4ean, Pazko gau beila egingo dute, eta 21:00etan meza izango da. Hurrengo egunean, berriz, Pazko Meza Nagusia egingo dute, 11:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide