Bakarrik egin du ia lasterketa osoa Emmanuel Bett korrikalari keniarrak, eta alde handiarekin irabazi du Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia. Errekorra egiteko aukerak izan baditu ere, azkenean ezin izan du iaz Alex Opotiptiptek ezarritako marka (00:59:58) hautsi, eta 1:00:08 denborarekin iritsi da helmugara. Haren atzetik helmugaratu da Stephen Omiso Arita (1:00:52), eta hirugarren postua Edwin Kipang Rotichentzat izan da (01:01:01). Emakumezkoetan, berriz, Monica Jepkoech izan da azkarrena, 1:10:30 denbora eginda, eta haren atzetik helmugaratu dira Zewonesh Ayele (1:11:49) eta Nerea Arregi (1:22:36).
Maratoi Erdian, lehenengo azpeitiarrak Xabat Mancisidor eta Nerea Etxeberria izan dira, eta azkoitiarretan Patxi Mendizabal eta Begoña Baqueriza izan dira bizkorrenak. Asier Cuevas Azpeitiko bizilagunak, berriz, 10. postuan amaitu du proba.
Elena Congost atleta paraolinpikoak ere ez du errekorra egiterik izan; munduko marka berria ezartzeko asmoz lehiatu da lasterketan, baina ezin izan du ordubete eta hogeita hiru minututan egin proba. 1:26:39 denborarekin helmugaratu da.
Maratoi Erdia ez ezik, lasterketa herrikoia eta patinatzaileena ere egin dute. Lasterketa herrikoian, Iker Beristain eta Ekiñe Unzalu izan dira irabazleak, eta patinatzaileetan Iñaki Zubillaga eta Nagore Montes nagusitu dira.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide