Etxerat eta Jaiki Hadi elkartearen atzoko polizia operazioa salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean, Azkoitian. 19:00etan elkartuko dira, plazan. Guardia Zibilak Euskal presoen senideen Etxerat elkartearen kide Nagore Lopez Luzuriaga eta Izaskun Abaigar, eta presoen osasuna zaintzen lan egiten duten profesionalen Jaiki Hadi elkartearen kide Fernando Arburua eta Oihana Barrios atxilotu zituen atzo. Azkoitian ez ezik, Azpeitian, Zumaian eta Zestoan ere elkarretaratzeak egin dituzte.
Euskal preso politikoen babeserako elkarteen kontrako laugarren polizia operazioa da polizia iturriek Pastor izenez bataiatu duten polizia operazio hau. Urtarrilean atxilotu zituzten euskal presoen abokatuen kontrako polizia operazioaren jarraipena litzateke, eta hari, berriz, urtebete lehenago eginiko beste batek eman zion bide. Etxerat-ek esan du atxiloketa horiekin kriminalizatu egin nahi dela presoen eskubideen urraketen aurkako lan “publiko eta gardena”.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide