Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatutako Argitu ekimena aurkeztuko dute asteartean, Urola Erdiko Mankomunitatearekin elkarlanean. Izan ere, bailara mailako aurkezpena izango da Azpeitiko Udaletxeko Pleno Aretoan egingo dutena, 18:30ean, eta bertan egitasmoaren bidez etxebizitzetan argindarraren kontsumoa nola murriztu daitekeen azalduko dute. Bertan, Rubiko udal ordezkariak (Katalunia) izango dira, eta euren esperientziaren berri emango dute. Kontsumoa %18a aurreztea lortu dute han.
Izan ere, aldundiak adierazi duenez, energia noiz eta nola kontsumitzen dugun jakinda, ehuneko horreraino aurreztu daiteke. Argitu ekimenaren bidez, etxeko kaxa elektrikoan neurgailu digital bat jarri, eta etxeko kontsuno datuak kontsultatu eta alderatu daitezke. Honen arabera, aplikazio informatikoa "aholkulari energetiko pertsonalizatu bat da". Hau da, etxera egokitutako efizientzia energetikoko neurriak proposatzen dituzte. Era berean, harremanetan jarri daitezke beste erabiltzaileekin, "kontsumoak alderatzeko eta zalantzak trukatzeko".
Ekimena doakoa da, eta bertan parte hartzeko www.argitu.eus webgunean eman behar da izena. Ondoren neurgailua jarri eta etxeko energia kontsumoaren ohituren gaineko galdetegi bat bete beharko dute. Hori eginda, kontsumo datuak eta hori murrizteko aholkuak jasoko ditu.
Edonork har dezake parte Argitu ekimenean, baina hainbat baldintza bete beharko dute; besteak beste, "konpromiso pertsonala" izan behar dute: "Kontsumo energetikoa murrizteko benetako interesa izan behar dute, kostuak murrizteagatik edo ingurumen arrazoiengatik izan". Horrez gain, datorren urtebetean bizitokiz aldatzeko aurreikuspenik ez dute izan behar, eta Interneterako konexioa eta telefono mugikorra, tableta edo ordenagailua eduki behar dute.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide