Hondakinez beteta zegoen gaur Garbigune kanpoaldea
(Urola Erdiko Mankomunitatea)
Astebetez egon da itxita Azkoitiko Garbigunea, txukunketa lanak egin behar izan dituztelako. Gaur zabaldu dute berriro Garbigunea, eta lanak egin dituzten bitartean hondakin gehiago uzteko lekua ere jarri dute; hain zuzen, igeltsua, kutsatutako obra hondakinak, beira laua, inausketako hondakinak eta plastiko gogorrarentzako leku gehiago izango da.
Garbigunea erabiltzea arautzen duen ordenantza berria ere jarri dute martxan. Araudiaren bidez, hondakinak onartzeko prozesua zehaztuko dute, besteak beste, eta hala, aurrerantzean herritarrek eta enpresek hondakinak uzteko agiria bete beharko dute harreran. Gainera, enpresek hondakinak utzi ahal izateko baimena eskatu beharko dute, eta obra hondakinak uzteko prozesua indarrean jarriko dute, joan zen astean Azkoitiko obra txikietako enpresekin bilera egin ondoren.
Itxita egon den bitartean, herritarrek Azpeitiko Lapatx Garbigunera eraman behar izan dituzte dagozkien hondakinak. Gaurtik aurrera, ohiko ordutegia du Azkoitiko Garbigunean: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 17:30era zabalduko dute. Dena den, adierazi dute txukunketa lanak egin ondoren, gaur goizean "opari" batekin egin dutela topo. Izan ere, kanpoaldean sailkatu gabeko hondakinak pilatuta zeudela ikusi dute, eta gertaera salatu dute. "Hondakinak ezin dira utzi horrela, ez Garbigunean, ez inon. Hondakinak sailkatu egin behar dira, eta dagokion tokian utzi. Kasu honetan, gehiena ez da Garbigunean uzteko uzteko hondakina. Are gutxiago Garbigunea itxita dagoenean. Ez eta, horrela kalean utzita". Jakinarazi dutenez, hondakinak utzi dituena nor den identifikatu dute, eta Urola Erdiko Mankomunitateak espedientea ireki dio.