Behin betiko ordutegia du Azkoitiko Urbanuek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko ots. 27a, 12:29

Altzibar auzoko geltokia berreskuratuko dute igandetik aurretik
(Azkoitiko Udala) Azkoitiko Urbanue herri barruko autobusak behin betiko ordutegia du dagoeneko, martxan jarri zenetik hainbat moldaketa egin eta gero. Izan ere, "herritarren arabera" egokitu izan du udalak zerbitzuaren ordutegia, eta besteak beste Altzibar eta beste auzo batzuetako haurrak ikastetxeetara joateko zerbitzua sendotu egin dutela gogoratu dute. Aurrerantzean izango duen ordutegia, berriz, udal webgunean, udaletxean eta geltokietan eskuratu daitezke. Era berean, irailean Urbanue jarri zutenetik urte amaiera arteko datuak eman ditu udalak. Honen arabera, 86 lagunek erabili dute autobusa, eta hirugarren linea izan da erabiliena, Floreaga auzora doana. Eskualdean bezala, Azkoitian ere autobus zerbitzu berriak izango dituzte igandetik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako parte hartze prozesuren eraginez. Gainera, urteetan herritarrek egindako eskariari erantzunez, Lurraldebusen autobus guztiak Altzibarko geltokian ere geldituko dira. Orain arte Zumarragarako autobus lineak bakarrik egiten zituen geldialdiak han, baina Donostiara eta Zarautzera joaten zirenek ez. Udalak aldundiari hala eskatuta berreskuratuko dute geltoki hori zerbitzu guztietan. Zerbitzu horiek guztiekin, "ingurumenaren alde egindako apostua" nabarmendu du udalak. Izan ere, norbere autoa etxean utzi eta garraio publikoa erabiltzea "erosoagoa eta merkeagoa" izateaz gain, herritarrentzat ere onurak ekarriko dituela adierazi dute: "Autoen zirkulazioa gutxituko, eta ingurumenaren kalitatea hobetuko da, karbono dioxidoaren isurketak nabarmen jaitsiko direlako". Hori hala, autobusa erabiltzera animatu dituzte herritarrak.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide