Ana Azkoitia da Azkoitiko EAJren bigarren hautagaia.
(EAJ)
Datozen udal hauteskundeetarako Azkoitiko EAJren lehenengo lau hautagai baserritarrekin elkartuko dira datozen egunetan, baserritarrek eta landa auzoetakoek dituzten arazoak ezagutzera. Alderdiaren arabera, dituzten arazoen aurrean, jeltzaleen hautagaiak aurkeztu eta euren "prestutasuna" adierazi dute, eta "koordinazio bideak" adostuko dituzte.
Gaur hasiko dira bilerak, Madariagako bizilagunekin, auzoan bertan. Bihar, berriz, Urratetiko bizilagunekin egingo dute bilera, hango elkartean. Azkenik, ostegunean, gainontzeko auzoetakoekin (Martirieta, Kukuerri, Astarbe, Elosua, Aizpurutxo, Izarraitz, Santa Kutz, Olaso…) bilduko dira, Elkargunean. Bilera guztiak 19:30ean egingo dituzte.
Horrez gain, EAJk jakinarazi du udal hauteskundeetan Ana Azkoitia izango dela EAJren bigarren hautagaia. Javier Zubizarreta zerrendaburua bezala, Azkoitia ere "independiente" moduan aurkeztuko da jauteskundeetara. "Politikara eta udal kudeaketara jende berria erakartzen zaila den momentu hauetan", "gogotsu eta ilusioz" aurkeztu dela adierazi du: "Nik udal politika tresna gisa ulertzen dut pertsonentzat egindako herri bat eraiki ahal izateko, eta horretan ari gara". 44 urte ditu azkoitiarrak, eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da. Ekonomia alorrean egin du lan azken urteetan; egun, Azpeitiko Euskadiko Kutxako zuzendaria da.