Azkoitiko Triatloi Klubeko 40 kidek hasi dute denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko ots. 17a, 15:29

Taldeko hainbat kidek larunbatean egin zuten denboraldi berriko aurkezpena
(Azkoitiko Triatloi Kluba) Azkoitiko Triatloi Klubak prest du 2015-2016ko denboraldia. Larunbatean, Loiolan egin zuten aurkezpenarekin bat hasi dute denboraldia, eta aurten ere iazko mailari eustea aurreikusten dute. Kirol horrek hartu duten ospea medio, kluba handitzen eta indartzen ari da urtez urte, eta aurten 40 lagun inguruk osatuko dute taldea. Sopelanan egin zuten lasterketarekin hasi zen duatloi denboraldia, larunbatean. Hain zuzen, taldeko kide Jokin Sudupe Piok eta duatloian hasi berri den Jon Garatek «lasterketa polita» egin zutela azpimarratu du taldeak, baina Mikel Garatek, berriz, erretiratu beharra izan zuen. Datozen hilabetetan lasterketa ugari izango dituzte, eta Euskal Herriko lasterketetan eta Espainiako hainbatetan hartuko dute parte. Besteak beste Tarragonako (Herrialde Katalanak) Terres de L´Ebre ironman erdian izango dira bederatzi lagun, apirilaren 26an. Eguraldiaren eraginez, duatloiarekin hasi ohi dute denboraldia, eta udaberrian, triatloiaren txanda izaten da. Hain zuzen, apirilean amaituko dira aurtengo duatloiak, Azkoitiko lasterketarekin. Iaz, Euskal Herriko duatloien txapelketan hirugarren postuan sailkatu zen Azkoitiko taldea, eta triatloian, esaterako, Gipuzkoako Txapeldun izan ziren sprint-ean. Aurtengo denboraldirako ez dute helburu zehatzik finkatu, baina duatloian behintzat iazko maila antzekoa mantentzea espero dute. Duatloian, batez ere Imanol Larrañaga Bitturi, Mikel Garate eta Jokin Sudupe Pio ibili ziren aurreneko postuetan iaz, baina aurten Larrañaga ez da duatloian lehiatuko, mendiko lasterketetara hasi delako. «Dena den, Jon Garate—Ormaetxea Txirrindulari Elkarteko kidea— batu da aurten, eta beraz antzeko emaitzak espero ditugu». Urte osoan zehar sartzen dira taldean, eta oraingoz, bost taldekide berri batu dira klubera. Taldea Azkoitikoa bada ere, batez ere azpeitiarrek osatzen dute taldea. «Taldean 40 baino gehiago bagara, azkoitiarrak hamar dira, eta gainontzekoak azpeitiarrak dira. Azpeitian, zaletasun gehiago dago kirol honekiko», adierazi du klubeko kide eta komunikazio arduradun den Aitor Beneitezek. Modan dagoen kirola da triatloia, eta horren adierazgarri da lasterketetan parte hartzen dutenen kopurua nabarmen igo dela azken urteetan. «Katigatzen zaituen kirola da, oso osatua eta askotarikoa baita. Horrek entretenigarria egiten du». Azkoitiko kluba ere, hazten joan da. «Duela lau urte hamar lagun ginen». Azkoitiko Triatloi Kluba 1992az geroztik dago martxan, baina azken urteetan indarberritu egin dute hara batu diren gazteek. Duela lau urtetatik, gainera, klubak berak antolatzen du Azkoitian egiten den duatloia, eta aurtengoa ere zehaztu dute: apirilaren 18an jokatuko dute lasterketa, 15:30ean hasita. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, iazko ibilbide berdina izango du, eta bigarren urtez distantzia motzeko Euskal Herriko Txapelketa ere izango da. Dena den, oraindik gizonezkoei lotutako kirolak dira duatloia eta triatloia. Azkoitiko taldean, esaterako, Jone Garate da emakume bakarra. Hala, emakumeak kirol horietara batu daitezen animatzen dituzte, baina taldeak onartu du zaila dela: «Batez ere bizikletak eragiten die atzerakada; errepidera ateratzeak eta euren mailako lagun bat aurkitzeak».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide