Igandean hasiko dira Matadeiko Antzerki Jardunaldiak, Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko ots. 10a, 11:32

'Zer duzu Amy?' antzeznalak irekiko ditu jardunaldiak
(Hitza) Azkoitiko Matadeixen prest dituzte seigarren urtez Antzerki Jardunaldiak. Euskal Herriko egungo antzerkigintzaren ikuspegiko bederatzi lanek osatuko dute egitaraua, eta ekainera bitartean, igandetan antzerkiaz gozartzeko aukera izango dute herritarrek. Antzeko egitaraua izango dute jardunaldiek; antzezlan ia guztiak euskarazkoak izango dira, bat izan ezik. Era berean, beste saio bat umeei zuzendutakoa izango da, eta oraingoan ipuin kontaketa egingo du Pello Añorgak. Emanaldi guztiak Matadeixen izaten badira ere, aurten saioetako bat Azkoitiko Baztartxo antzokian izango da. Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak ikusi ahal izango da antzokian, eszenografia eta espazio kontuengatik. Oh my God! konpainiaren Zer duzu Amy? komediak zabalduko ditu Matadeiko Antzerki Jardunaldiak, igandean. Leire Ucha aktoreak sortutako lana da, baina proiektuaren atzean parte hartze zabala dago; Eguzki Zubia eta Natxo Gomez (zuzendariak), Itziar Markiegi (eszenografia eta atrezzo), Javi Andraka (argiztapen diseinua) eta Carlota Devaney (jantzia). Dasy Sagardotegik, antzezlaneko protagonistak, edozer gauza egingo luke Amy Winehouse musikari zenaren ahotsa eta talentua edukitzeko. Baina bere ahotsa arrunta da, bere irudia arrunta da, eta bizitza ere arrunta du. Winehousen heriotzaren berri izaten duenean, Londreseko Edgwareburyko hilerrira joaten da, bere idoloari galdetzen dio halako ahots zoragarria edukita zergatik ez zen zoriontsu izan. Ez du, ordea, erantzunik, eta zerbait egin behar duela erabakitzen du Dasyk. Antzezlana Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren obra irabazlea izan zen 2012an. Hemen egitaraua:
  • Otsailak 15, igandea
19:00. Zer duzu Amy? antzeznala, Oh my God! taldearen eskutik, Matadeixen.
  • Otsailak 22, igandea
19:00. Arren ganbara eta emeen sotoa antzezlana, ATX Teatroa konpainiaren eskutik, Matadeixen.
  • Martxoak 1, igandea
19:00. Arrastoak, Dejabu Panpin Laborategiaren eskutik, Baztartxo antzokian.
  • Martxoak 8, igandea
19:00. Soltarlo al aire antzezlana, Maite Guevararen eskutik, Matadeixen.
  • Apirilak 19, igandea
19:00. Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak antzezlana, Metrokuadroka kolektiboaren eskutik, Matadeixen.
  • Apirilak 26, igandea
19:00. Bereterretchen oinatzak, Khantoria taldearen eskutik, Matadeixen.
  • Maiatzak 10, igandea
19:00. Denak desberdinak, guztiok beharrezko umeentzako ipuin kontaketa, Pello Añorgaren eskutik, Matadeixen.
  • Maiatzak 24, igandea
19:00. Amodioen ziega, Lauka Teatroa konpainiaren eskutik, Matadeixen.
  • Ekainak 7, igandea
19:00. Mikroteatruk, Abarka Mikroteatruk taldearen eskutik, Matadeixen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide