[caption id="attachment_122687" align="alignleft" width="300"] Herritar talde bat, baiezkoaren aldeko botoa eskatzen
(Ane Olaizola)[/caption]
Azkoitian hondakinak biltzeko sistema mistoaren gaineko herri galdeketa egingo dute urtarrilaren 25ean, eta kanpainan murgilduta daude herrian. Datozen egunetan hainbat agerraldi izango dira baiezkoaren eta ezezkoaren aldeko botoak defendatzeko, eta herritar talde bat izan da horretan lehenengoa. Atzo iluntzean egin zuten prentsaurrekoan sistema mistoaren alde bota dezaten dei egin zieten herritarrei, eta honako arrazoiak plazaratu zituzten: "Sistema honekin %80ko bilketa lortu bait dugu denbora gutxian, hartutako konpromiso txiki honekin naturari eta etorkizunari ekarpen izugarria eginez. Gainera, %15 merketu da zaborren tasa eta gure ingurunea arduratsuago eta garbiago ikusten dugu".
Aldarrikapen horiek herrian gizarteratu nahi dituzte, eta horretarako hainbat ekintza prestatu dituzte. Larunbatean, askotariko ekintzak izango dira: 11:00etan, jolasak egingo dituzte Kontzejupean, eta 12:00etan poesia musikatua hasiko da. Mikrofono irekia izango da, nahi duen guztiak hitza hartu dezan. 13:00etan, berriz, Elkargune ondoko plazan baiezko botoaren aldeko "mosaiko erraldoia" egitekoak dira, eta ondoren triki poteoa hasiko dute herrian zehar.
Urtarrilaren 25ean izango da herri galdeketa, baina aurrez botoa ematea nahi dutenek gaur eta bihar izango dute aukera. Udaletxeko idazkaritzan, gaur 09:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik 16:00etara bitartean bozkatu dezakete, eta bihar 09:00etatik 15:00etara artean.