Eguneko Zentroak ordezkatuko du musika eskolaren Gaztanenea eraikina

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko urt. 9a, 16:15

IMG_5017 Azkoitiko Bizkargi Musika eta Dantza Eskolaren eraikina izan da hiru hamarkadatan Gaztanenea eraikina, baina ikastetxea Elkargunean egin duten Musikagunera lekualdatuko da datozen asteetan, eta beraz, hutsik geratuko da eraikina. Beste erabilera bat emateko asmoz, udalak Eguneko Zentroarentzat egokituko du eraikina. Urrategi Alberdi alkateak eta Esther Lizarralde eta Jesus Oteiza zinegotziek gaur eman dute erabakiaren berri. Alkateak azaldu duenez, aukera eta behar desberdinak aztertu dituzte, eta herritarrengandik hainbat proposamen jaso dituzte. "Horietako bat Adinduen Egoitza kalera jaistea izan da. Oso egokia iruditzen zaigu egoitza osoa herri barruan egotea, baina ezinezkoa da. Eguneko Zentroarentzat, berriz, leku aproposa da". Egun, San Jose Egoitzan dago Eguneko Zentroa, zati hori eramango dute herrigunera. Udalarentzat pauso garrantzitsua izango da lekuz aldatzea, besteak beste egoiliarrak herrian integratuko direlako. "San Jose Egoitzan zerbitzu asko daude, baina dagoen lekuan dago. Gaztanenea eraikinak Eguneko Zentroa jartzeko aukerak ematen ditu. Etxea herriaren erdi-erdian dago, eta egoiliarren bizi kalitatean eta osasunean eragingo du, baita bisitetan ere", esan dute. Eraikinak, ordea, irisgarritasun arazoak ditu, eta beraz egitura sendotu eta obrak egin beharko dituzte. Bi solairu egokituko dituzte Eguneko Zentroarentzat, eta hirugarrenari erabilera anitza eman asmo dute. Era berean, kopurua oraindik zehaztu gabe badute ere, egoiliar gehiagorentzako lekua izango dela aurreratu dute. Egun, hogei egoiliarrentzako dago lekua. Udalak finantziatuko du proiektu osoa, baina Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera landuko dute, gero haiek kudeatuko baitute zentroa. Aldundiarekin ez ezik, gainontzeko talde politikoekin, herritarrekin eta egoitzako kideekin kontrastatu dute erabakia, eta ados daudela azaldu dute. Lanek 750.000 euroko gastua izango dutela aurreikusten du udalak, eta horretarako zatia lotuta dutela adierazi dute. Egun, diru-laguntzak eskatzen ari dira erakundeetara. Abenduan, proiektua eta obren zuzendaritza esleitzeko 117.300 euroko kreditu aldaketa onartu zuen udalbatzak, eta dagoeneko argitaratuta daude Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Hurrengo ostiralean amaituko da proiektuak aurkezteko epea, eta ondoren hiru hilabeteko epea izango dute proiektua idazteko. Hori hala, maiatzean proiektua edukitzea aurreikusten dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide