Azkoitiko Udalak adostasun zabalarekin onartu ditu 2015eko aurrekontuak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko abe. 19a, 18:58

Azkoitia Bairen, Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu dituzte udalaren aurrekontuak
(Ane Olaizola) Hurrengo urteko aurrekontu orokorra 16.300.265 eurokoa izango da, eta handik 12.892.000 euro udalak izango ditu. Zubiaurre-Elkargune Institutuaren aurrekontua, berriz, 730.840 eurokoa izango da, eta San Jose Egoitzarena 2.776.000 eurokoa. Azkoitia Lantzenek, berriz, 609.764 euro izango ditu 2015ean. Oro har, adostasun zabalarekin onartu dituzte. Azkoitiko Udalak gaur onartu ditu datorren urteko aurrekontuak. Udalaren aurrekontuei dagokionez, oro har, partida gehienak mantendu egingo dituzte, eta beste batzuk "bereziki" igo egingo dituzte. Esaterako, alokairua sustatzeko 148.000 euroko partida sortu dute, eta gizarte zerbitzuetako partidak 16.000 gehiagorekin indartu dituzte. Berdintasunean, aniztasunean eta parte hartzean ere "apostu sendoa" egingo dute, eta horretarako ere diru kopuru gehiago bideratuko dute.  Ekonomia suspertu eta langabeziari aurre egiteko asmoz, 227.000 euro edukiko dituzte, besteak beste enplegu planerako, lan orientazio zerbitzurako eta ekintzailetasunerako. Auzo elkarteak sustatzeko ere diru laguntzak ematekoak dira, eta garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko partidak handitu egin dituzte. 91.000 euro bideratuko dituzte horretara. Inbertsio nagusiena, berriz, Floreaga auzoan igogailua egitea izango da. Beste hainbat proiektu ere gauzatu nahi dituzte hurrengo urtean: hala nola, baratza ekologikoak jarriko dituzte martxan, udaltzaingo zerbitzua ostiral gauetara zabalduko dute, Xabier Munibe haurreskolan aterpea egingo dute, bidegorria osatuko dute, herri aldizkaria martxan jartzen lagunduko dute eta umeentzako zine emanaldiak antolatzekoak dira. Era berean, Danon Herrixe prozesuan herritarrek aukeratutako hiru proiektuak ere aurrera eramango dituzte, 250.000 eurorekin: hau da, liburutegi ondoko parkea estaliko dute, baserri bideetarako eta espaloiak konpontzeko partidak indartuko dituzte eta tenis pistak berrituko dituzte. Bildu, EAJ eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin onartu dituzte udalaren aurrekontuak. Azkoitia Baik udal langileak eta Urrategi Alberdi alkatea zoriondu ditu, prozesuan egin duten lanarengatik eta "azken unera arte negoziatzen jakin duelako". "16 urte daramatzat udalean eta uste dut orain arteko aurrekontu onenak direla. Ez bakarrik aurrekontuen banaketan, baizik eta eraman den prozesuan. Lehenengo urtean ez bezala, oposizioak nahiko denbora izan du ekarpenak egiteko. Hiru arlotan nabarmendu ditugu: herritarren parte hartzetik egin dira, ekarpenak egiteko denbora izan dugu, eta horietako asko jaso dira", esan du Julen Garatek. EAJk ere alde bozkatu du, egin dituzten hainbat proposamen aurrekontuetan txertatu dituztelako. PSE-EE, bere aldetik, abstenitu egin da, aurrekontuak "egiazkoak" izango diren edo "udal hauteskundeetara begira" egin al dituzten zalantza duelako. Honen aurrean, Urrategi Alberdi alkateak gezurtatu egin du hala denik, adierazi dio "ondo dakiela" aurrekontuak ezin direla "airean" egin. "Badakizu udal gobernura sartu ginenean udalak zer zor zituen. Badakizu zenbat milioi erabili ditugun zorra ordaintzeko. Badakizu aurten iaz baino milioi bat erdi eta 2013a baino milioi bat gehiago daukagula inbertsioetarako. Hiru urtetan zerbitzu eta laguntza guztiak egin ditugu, eta ez dugu izan aukerarik inbertsioetarako, aurretik egindako inbertsioak ordaintzeko erabili dugulako", erantzun dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide